>
Artea

Erakusketa: "Artea eta mitoa. Pradoko jainkoak"

Erakusketa:
Donostia-San Sebastián
Lekua. San Telmo Museoa
Data. 2018ko Uztailaren 7tik
2018ko Urriaren 28ra

Ordua.  
Prezioa. 6 €

"la Caixa" Gizarte Ekintzak eta Museo Nacional del Pradok, San Telmo Museoaren lankidetzarekin, "Artea eta mitoa. Pradoko jainkoak" erakusketa antolatu dute.

Mitologia klasikoaren eta horrek artearen historian izan dituen irudikapenen inguruko begirada zabala eskaintzen du, K.a. I. mendetik K.o. XVIII. mendera arteko pinturen, eskulturen eta objektuen bidez. Besteak beste, Francisco de Zurbarán, José de Ribera, Pedro Pablo Rubens, Michel-Ange Houasse, Francesco Albani, Corrado Giaquinto eta Leone Leoni-ren lanak egongo dira. Erakusketaren komisarioa Fernando Pérez Suescun da, Museo Nacional del Pradoko Hezkuntza Saileko Eduki Didaktikoen burua

Mitoak jainkoen lorpenak eta ekintzak kontatzeko modua dira. Jainko horiek gizakien patua zuzendu ez ezik, Lurrera jaisten dira eta haiekin elkarreragina dute; hori da mito konplexuen jatorria, non heroien eta erdijainkoen istorioak gurutzatu egiten diren. Artea eta mitoa. Pradoko jainkoak erakusketa berria da, "la Caixa" Gizarte Ekintzak eta Museo Nacional del Pradok antolatua, bi erakundeek duten itun estrategikotik sortua. Erakusketak Mitologia klasikoaren eta horrek artearen historian izan dituen irudikapenen inguruko begirada zabala eskaintzen du, K.a. I. eta K.o. XVIII. mendeen artean datatutako pinturen, eskulturen eta objektuen bidez. Proposamena diakronikoa da eta Museo Nacional del Pradoko bildumaren 50 piezatatik abiatzen da, tartean funtsezko egileenak, besteak beste, Rubens, Ribera edo Zurbarán. Erakusketak zortzi atal tematikotan banatua dago, eta aldi berean eskaintzen ditu jainkoen irudikapen ezberdinak eta pasadizo mitologiko berberaren interpretazio anitzak. Horrek ahalbidetu egiten du Museo del Pradoren bildumako aberastasun ikonografikoa, geografikoa eta kronologikoa hautematea aldi berean.

Erakusketak mitologia klasikoa ezagutzera emateko era berri bat aurkezten du, Museo Nacional del Pradoko artelak bikainak dantza garaikidearekin konbinatuz. Mito batzuk plastikoki garatzeko modu bat, ikus-entzunezko muntaia baten bidez, Toni Miraren koreografiekin (2010eko Dantza Sari Nazionala) non eskulturen eta pinturen irudiek bizitza berreskuratzen duten.

Mitologia inspirazio iturri gisa
Mitoak jainkoen eta erdijainkoen istorioak, eta horien eta gizakien arteko harremanak islatzen dituzten kontakizunak dira. Horregatik daude mitoak antzinako kultura eta gizarte guztietan. Gehienetan jatorri ezezagunekoak izaten dira, tradizioan ahoz transmititzen ziren, eta gutxinaka eraldatzen joaten ziren osagai berriekin edo bertsio ezberdinekin. Mito greziarren kasuan, lehen aipamen ez idatziak ez dira K.a. VIII. mendea baino lehenagokoak.

Mito horien protagonistak Olinpoko jainkoak izan ohi ziren. Gizakien patua zuzendu ez ezik, Lurrera jaisten ziren eta beraiekin harremana izaten zuten; batzuetan itxura gizatiarra hartzen zuten eta horrek hurbilekoagoak egiten zituen. Beren istorioek ere balio zuten naturaren eta unibertsoaren hamaika fenomenori azalpena emateko. Hala, makina bat jainko sortu ziren mendiak, iturriak, errekak, itsasoak, haizeak, konstelazioak nortzen zituztenak, eta baita ere pertsonifikatzen zituzten, gizakiekin batera bizi ziren era guztietako arbolak eta animaliak.

Historian zehar, mitologia klasikoa etengabeko inspirazio iturri izan da artista askorentzako, eta alegiazko kontaketa horiek zeramiketan, marmol zatietan, dominetan, tauletan eta mihiseetan jasoak geratu ziren, erakusketa honetan ikus daitezkeenak, adibidez.

Erakusketa Museo del Pradoko artelanekin bakarrik dago osatua, K.a. I. mendeko erdialdetik K.o. XVIII. mendearen amaiera arteko piezekin, eta begirada zabala eskaintzen du mitologia greko-erromatarraren eta bere irudikapenen inguruan, besteak beste, artista hauen eskutik: Francisco de Zurbarán, José de Ribera, Pedro Pablo Rubens, Michel-Ange Houasse, Francesco Albani, Corrado Giaquinto eta Leone Leoni.

ERAKUSKETAREN ATALAK

  • Historia bat kontatzeko
    • Mitoak kontakizun txundigarriak dira, garai historikotik kanpo kokatuak eta pertsonaia jainkotiar edo heroikoen pasadizoak kontatzen dituztenak. Mitologia, berriz, mitoen multzoa da, eta, aldi berean, mitoei buruzko azterketa.
    • Mitoei esker, greko eta erromatarrek aukera izan zuten munduaren jatorriari buruzko eta naturaren edo unibertsoaren hainbat fenomenori buruzko interpretazio bat eskaintzeko. Horrela, hainbat eta hainbat jainko sortu ziren, mendi, iturri, ibai, itsaso, haize eta konstelazioak ez ezik, mota guztietako zuhaitz eta animaliak pertsonifikatzen zituztenak. Jainko eta erdijainkoek -betiere giza itxurarekin, munstroen kasuan izan ezik- eta heroiek betiereko aztarna utzi zuten munduaren bilakaeran, gertaera eredugarri eta batez ere sinbolikoen protagonista diren heinean.
    • Hasiera batean, mitoak idatzi gabeko kontakizunak izan ziren, ahoz aho transmititzen zirenak, eta, pixkana-pixkana, osagai berriak erantsiz aldatzen zirenak. K. a. VIII. mendean, Homerok eta Hesiodok lehen aldiz idatzita jaso zituzten istorio horiek, jainkoak izendatuz eta bakoitzaren berezitasunak aditzera emanez. Alabaina, mito klasikoak ezagutzeko eta zer diren ulertzeko, ondoren etorri ziren beste egile greko zein erromatarren ekarpenetara jo behar dugu, ezinbestean. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, Apolodoro, Luziano Samosatakoa, Diodoro Siziliakoa, Filostrato, Virgilio, eta, bereziki, Ovidio, Itxuraldatzeen egilea, mitologia greko-erromatarraren benetako eskuliburua osatzen dutenak.
    • Mito klasikoetara hurbiltzeko bidean oztopo handi bat aurkitzen dugu: terminologia. Jainko batzuk izen grekoaz ezagutzen ditugu, eta beste batzuk, aldiz, izen erromatarraz identifikatzen ditugu errazago. Erakusketan barrena batekoak eta bestekoak ikusiko ditugu, mito baten bertsio jakin baten arrakastaren arabera edo erakusgai jarritako obren izenaren arabera hautatuak, obra guztien jatorria Museo del Pradoko bildumak izanik.

  • Olinpoko jainkoak
    • Olinpo mendia Greziako jainko nagusien bizilekua zen, "olinpiar jainkoen" bizilekua alegia. Haien guztien buruan, Zeus, Kronos aita erorarazi ondoren mundua bere anaiekin banatu zuena: zerua beretzat, itsasoa Poseidonentzat, eta azpimundua Hadesentzat. Teorikoki hiru jainkoek botere bera zuten, baina Zeus zen jainko gorena Olinpon, eta, beraz, Greziako panteoian, baita Erromako panteoian ere, non Jupiterrekin asimilatu zuten.
    • Zeus hainbat aldiz ezkondu zen, eta ezin konta ahala abentura eduki zituen hainbat jainkosa, ninfa eta emakume hilkorrekin, baita mutil gazteren batekin ere. Harreman horietatik Olinpoko jainko nagusietako batzuk sortu ziren, baita jainko txikiago batzuk -Orduak, Moirak, Graziak, Musak, etab.- eta heroi gailenak ere, hala nola, Pertseo eta Herakles, besteak beste.
    • Metis ozeanidearekin Atenea sortu zuen, gerraren jainkosa, baina baita jakinduriaren, musikaren eta artisautzaren jainkosa ere. Zeusen eta Letoren arteko harremanetik, berriz, Artemis eta Apolo sortu ziren, ehizaren jainkosa eta argiaren, edertasunaren, poesiaren eta musikaren jainkoa, hurrenez hurren. Demeter arrebarekin Pertsefone sortu zuen, Hades osabak bahitu eta azpimundura eraman zuena. Hera arrebarekiko ezkontzatik Ilitia, erdiurrenen babeslea; Hebe, gaztetasunaren pertsonifikazioa; eta Ares, gerraren jainkoa; sortu ziren. Maia pleiadearekin Hermes eduki zuen, jainkoen mezularia; eta Semele hilkorrarekin, berriz, Dioniso, ardoaren eta festaren jainkoa. Kontakizun batzuen arabera, Afrodita maitasunaren jainkosa ere haren alaba zen. Hefesto suaren jainkoarekin ezkondu zen Afrodita, eta Hefesto Herak sortu zuen, bere senarraren parte-hartzerik gabe.

  • Espiritu libreak
    • Mitoetan jainko klasikoekin batera mota guztietako izaki eta pertsonaiak agertzen dira, sarritan naturaren fenomenoekin zerikusia dutenak. Beren premia eta sexugaleak asetzeko baliatzen zituzten jainkoek, eta jai-ospakizunetara gonbidatzen zituzten.
    • Haien artean nabarmentzekoak dira ninfak, naturaren jainkosa txikiak, baso, kobazulo eta uretan bizi zirenak, eta haiekin bat egiten zutenak, haien bizi-energiaren adierazgarri diren heinean; esaterako, Naiadeak, Driadeak, Oreadeak, Nereidak eta Ozeanideak. Mito askotan ageri ziren, guztiak hilkorrak ziren, eta, askotan, zenbait jainkoren -Artemis eta Dioniso adibidez- segizioko kide ere izaten ziren, Menadeak ere haien zerbitzuan zeudelarik. Naturaren gizonezko espirituek jazartzen zituzten etengabe, Pan jainkoak eta fauno eta satiroek batez ere, eta Olinpoko hainbat jainkorekin maitasun- eta sexu-harremanak zituzten.
    • Uranok eta Geak edota Zeusek eta Mnemosine titanideak sortutako musak Olinpon bizi ziren, eta bertako jainkoen festetan kantan eta dantzan aritzen ziren. Betidanik Apolori lotuta agertzen ziren, arteen jainkoari lotuta alegia, eta, banaka edo taldeka, artisten inspirazio-iturritzat jotzen zituzten, bereziki idazle eta artisten inspirazio-iturritzat, hainbat arte-diziplinaren eta jakintzaren pertsonifikazioa izateraino.
    • Hiru kariteak -Erroman graziak esaten zieten- Zeusen eta Eurinome ozeanidearen alabak ziren. Apoloren segizioko kideak ziren, eta batzuetan Afrodita, Atenea, Eros edo Dionisorekin ere joaten ziren. Atsegintasunaren, jatortasunaren eta fintasunaren ikurrak ziren, eta maitasunarekin, edertasunarekin eta sexualitate eta ugalkortasunarekin lotzen ziren, bizitza sortzeko indarrak ziren neurrian.

  • Maitasuna, desira eta pasioa
    • Maitasuna mundua mugiarazten duen indarra dela esaten dute. Sentimendu bat, gogo-aldarte bat, ilusio bat eta pasio bat da aldi berean. Baina baita jainko bat ere. Grekoek eta erromatarrek hori uste zuten, eta Eros-Kupido deitu zioten. Nondik ote zetorren argi ez bazegoen ere, haur hegaldun baten antzera irudikatu zuten beti, jainko eta gizakien bihotzekin jolasean dibertitzen zena, zuziarekin su emanez edo geziekin zaurituz. Urrezko geziek maitasuna eragiten zuten; berunezkoek, aldiz, gorrotoa.
    • Gizon eta emakumeak bezalaxe, jainkoak ere bat-batean maitemintzen ziren. Horixe sentitu zuen Dionisok Ariadna -Teseok abandonatu ondoren- Naxosen aurkitu zuenean, edota Hermesek Herse Atenasko hiri gainean hegan ikusi zuenean.
    • Hasieran denak zailak eta gatazkatsuak izan ziren arren, maitasun-harreman asko benetan zoriontsuak izan ziren, eta denboran luze iraun zuten, esaterako, Kupidok berak Psikerekin eduki zuena, edota Neptunok eta Anfitritek bizi izan zutena, Plutonen eta haren iloba Proserpinaren artekoan bezalaxe bahiketa batekin hasi zen arren. Baina mitoek zoritxarreko harremanen berri ere ematen zuten, maitaleetako baten heriotzak tragikoki moztutako harremanen berri. Esaterako, Orfeok ezin izan zuen Euridize Hadesetik erreskatatu, eta Zefalok eta Prokrisek ere zorigaiztoko amaiera izan zuten jelosiaren ondorioz, Zefalok jaurtitako xabalinak harrapatuta hil baitzen Prokris, senarra zelatatzen ari zen bitartean.
    • Nartzisoren kasua berezia da, uretan islatutako bere irudiarekin maitemindu zelako; isla horri begira maitasuna poliki-poliki agortu egin zitzaion, heriotzaraino, eta, geroago, itxuraldatu eta bere izena daraman lorearen itxura hartu zuen.

  • Hutsegiteak eta zigorrak
    • Gizakiak bere-berezkoa du indarkeria, eta jainko greko-erromatarren artean ere printzipio orokor hori bete egin zen, giza itxuraldatuta gizakiekin elkarreraginean ibili zirela kontuan hartzen badugu. Horregatik, mito klasikoak jainkoen arteko lehia eta borrokaz josita daude. Kronosek Urano aita zikiratu zuen, eta boterea kendu zion; hura ere erorarazi zuten, ordea, Zeus semearen eskutik. Bi borroka fratrizida horien ildotik bi gatazka handi sortu ziren, jainko ugarien parte-hartzearekin: Titanen gerra eta Erraldoien gerra. Borroka horiek kaosaren eta ordenaren arteko gatazkaren ikurtzat jo zituzten betidanik, Antzinatetik.
    • Olinpoko jainkoek zigortu egiten zituzten haien aurka altxatzen ziren gizakiak edo jainko txikiak, eta zigor horiek mugagabeak izan zitezkeen, betierekoak. Furia ospetsuek, esate baterako, tormentuak pairatzen zituzten behin eta berriz: hegazti harrapari batek Tizioren gibela jaten zuen behin eta berriz; Tantalo betiereko gosea eta egarria pairatzera zigortu zuten; Sisifo harri itzel bat etengabe mugitzera kondenatu zuten; eta Ixion, berriz, gurpil baten inguruan etengabe biraka ibiltzera behartu. Prometeok ere arrano baten erasoa pairatzen zuen egunero; gibela jaten zion, eta gauean birsortu egiten zitzaion.
    • Tenpluen barruan harremanak edukitzea errukirik ezaren adierazgarri argia zen, eta jainkoek gogor zigortzen zuten. Laokoon Troiako apaizari horixe gertatu zitzaion, bi sugek haren eta bi semeen gorputzetan kiribildu eta erailtzeraino estutu baitzituzten. Zibelek, berriz, Atalanta eta Hipomenes lehoi bihurtu zituen, eta bere gurdian uztartu. Jainkoek sarri jotzen zuten itxuraldatzera, eraldatzera, norbait zigortu nahi zutenean.

  • Jainkoen eta gizakien itxuraldatzeak
    • Itxuraldatzea eraldatzea da, baita engainua eta itxurak egitea ere. Jainko greko-erromatar nagusiek egundoko ahalmena zuten itxura fisikoa aldatu eta nortasun berri batez jabetzeko. Horrela beren helburuak betetzen zituzten, gehienetan haragizko plazerari loturik.
    • Poseidon anaia atzean geratu ez bazen ere -zaldi eta ahari bihurtu zen, Demeterrekin eta Teofanerekin bat egiteko, hurrenez hurren-, Zeus izan zen bere sen oinarrizkoenak asetzeko amarru hori gehien erabili zuena, eta horregatik atal honen ia protagonista bakarra izango da.
    • Zeusek animalia-itxura hartzen zuen gehienetan. Hala, arranoaren (bere animalia enblematikoa) itxura hartu zuen Ganimedes artzain gaztea bahitzeko, bere maitale eta jainkoen kopari izan zedin. Beltxarga bihurturik, berriz, Zeusek Leda erregina seduzitu zuen, eta harekin Helena eta Polux sortu zituen, eta zezen bihurtuta Europa printzesa bahitu zuen. Horrez gain, Artemis alabaren itxura ere hartu zuen, Kalisto ninfa limurtzeko, eta Anfitrion erregearen itxura ere hartu zuen Alkmena haren emaztearekin harremanak edukitzeko, harreman horietatik Herakles sortu zelarik. Beste batzuetan, fenomeno atmosferikoen itxura hartu zuen Zeusek, bere konkistak lortzeko, eta hodei grisaren itxura hartu zuen Io dontzeila gaztea bere egiteko, edota urrezko euri Danaez gozatzeko; azken horrek Pertseo sortu zuen, Greziako heroi nagusietako bat.
    • Askotan itxuraldatzea konponbidea ere izaten zen, jainko baten jazarpena saihesteko aproposa, eta zenbait ninfak ederki baliatu zuten. Hala, Dafne erramu bihurtu zen Apolorengandik ihes egiteko, eta Siringak kanabera multzoaren itxura hartu zuen Pan jainkoaren jazarpena saihesteko.

  • Heroiak
    • Jainko eta erdijainkoekin batera, heroiek funtsezko zeregina bete zuten mito klasikoetan. Jainko eta emakume hilkor baten seme-alabak izan zitezkeen, edota jainkosa baten eta gizon hilkor baten arteko harremanetik sortu; baina bi hilkor soilen seme-alabak ziren heroiak ere bazeuden. Beren balentriak utzi zizkiguten, fama eta loria eman zizkietenak.
    • Akiles, "oin arinak" zeuzkana, Iliadaren protagonista nagusia da. Jaio eta berehala, Tetis jainkosak, bere ama izateaz gain Ptiako errege Peleoren emaztea zenak, Estigia ibai infernutarreko uretan murgildu zuen buruz behera oso-osorik, orpoa izan ezik, orpotik helduta baitzuen, aurrerantzean semea ezin zaurituzkoa izan zedin. Kiron zentauroak hezi zuen, eta urte batzuk geroago Troiako gerran nabarmendu zen. Loria lortu zuen bertan, baina baita heriotza ere, Parisek gezi batez jo baitzion orpoan, haren puntu ahul bakarrean, alegia.
    • Zeusen eta Danaeren semea zen Pertseok toki berezia merezi du Greziako heroien artean. Medusa gorgonari gailendu zitzaion haren burua ebakiz, eta horixe izan zen Pertseoren balentria nagusia. Geroago, Etiopiako erresuma mendean zuen itsas munstro bat erail zuen, eta horri esker Andromeda askatu zuen, denborarekin bere emaztea izango zena.
    • Herkules -Herakles Grezian- heroi klasiko nagusia da, dohain eta bertute mitiko eta eredugarriak hezurmamitzen dituen heinean. Zeusen eta Alkmenaren semea zenez, Heraren suminaren ondorioak pairatu zituen, eta zoraldi batean bere semeak erail zituen. Horregatik, "Herkulesen hamabi lan" ospetsuak egitera behartu zuten, eta horri esker ospea eta loria lortu zuen mundu osoan, hilezkortasuna lortu eta jainkoen Olinpora igotzeraino.

  • Troiako gerra
    • Troiako gerra grekoen eta troiarren arteko borroka nagusia izan zen, baina jainko askok ere esku-hartze aktiboa eta erabakigarria izan zuten borroka horretan, alde batekoei zein bestekoei laguntza emanez hainbat arrazoi tarteko.
    • Junoren, Minervaren eta Venusen arteko lehia batekin hasi zen auzia. Zehazkiago, "ederrenarentzako" urrezko sagarra lortzeko lehian zebiltzan hirurak. Eta auzia ebazteko, Jupiterrek Paris Troiako gaztea hautatu zuen, epaile-lanak eginez jainkosa ederrena hauta zezan. Haren aurrean biluzik azaldu ziren hirurak, beren xarma fisikoa agerian uzteko, eta, horrez gain, eskaintza interesgarri eta tentagarriak egin zizkioten: Junok, lurralde zabal baten gaineko boterea; Minervak, jakinduria eta bataila guztien garaipena; Venusek, munduko emakume ederrenaren maitasuna. Parisek azken hori hautatu zuen.
    • Munduko emakumerik ederrena Helena zen, Espartako Menelao erregearen emaztea. Parisek bahitu egin zuen, edo biek elkarrekin Troiarantz ihes egin zuten, eta horregatik grekoak hura erreskatatzeko konjuratu ziren. Horrela hasi zen gerra, heroi eta gerrari handiak bilduko zituena, hala nola Agamenon, Menelao, Odiseo, Diomedes, Ajax Handia, eta bereziki Akiles, Iliadaren -gatazka armatu mitiko hori kontatzen duen poema homeriko handia- protagonista nagusia.
    • Akeoen eta troiarren arteko borrokak urteak eta urteak iraun zituen, batekoak eta bestekoak garaipena lortu ezinean zebiltzalako, eta, bitartean, bi bandoek gerrari nagusietako batzuk galdu zituzten. Azkenean grekoek atzera-egitearen plantak egitea erabaki zuten, Troiako hondartzetan zurezko zaldi erraldoi bat utzita, non soldadu onenetako batzuk ezkutatu ziren, Odiseo haien guztien buruan. Jainkoentzako eskaintza bat zelako ustetan, troiarrek zaldia hiri barnera eraman zuten, eta horrela grekoek Troia hartu eta zeharo arpilatu zuten; azkenean, sute batek hiria suntsitu egin zuen.

JARDUERAK

  • Komisarioaren Hitzaldia
    • Igandea, uztailak 8, 12:00
    • Fernando Pérez Suescun erakusketaren komisarioa eta Museo Nacional del Pradoko Hezkuntza Saileko Eduki Didaktikoen burua.
    • Ekitaldi aretoa / Gaztelaniaz / Sarrera librea lekuak bete arte

  • San Telmo Gaua
    • Larunbata, abuztuak 25, 20:30-24:00
    • Aldi baterako erakusketak, eliza eta klaustroa irekita egongo dira, taberna zerbitzuarekin. Gainera, musika klasikoko DJ sesioa egongo da Mikel Chamizorekin.

  • Bisita Gidatuak Erakusketara
    • Asteartetan eta larunbatetan, bisita gidatuak egongo dira 11:00etan euskaraz eta 18:00etan gaztelaniaz. Abuztuan zehar bisita hauetan erakusketarekin lotutako musika piezak entzun ahal izango dira, Musika Hamabostaldiak hautatuak.
    • Parte hartzeko ez da izena eman behar, doakoak dira, museorako sarrerarekin. Gainera, taldeentzako bisita gidatuak ere hitzartu daitezke: stm_erreserbak@donostia.eus / 943 48 15 61

SAN TELMO MUSEOA - MUSIKA HAMABOSTALDIA LANKIDETZA

Artea eta mitoa. Pradoko jainkoak erakusketatik Musika Hamabostaldiaren eta San Telmo Museoaren lankidetza bat sortu da, urtero jaialdiak museoan antolatzen dituen jarduera eta kontzertuetatik harago (aurten ere izango dira: Ostegun Musikalak San Telmon eta haurrentzako jarduerak).

Mitoa eta tradizioa

Musikak, mitologiak eta tradizioak espazio amankomuna partekatu dute imajinario kolektiboan duela milaka urtetik. Artea eta mitoa. Pradoko jainkoak erakusketarekin bat eginez, Musika Hamabostaldiak harreman hau ospatu nahi izan du gai horren inguruko obra sorta bat programatuz (www.quincenamusical.eus).

Bi erakunde hauen lankidetzari esker, gainera, abuztuan zehar erakusketarako sarrera doan izango du Musika Hamabostaldiko "Mitoa eta tradizioa" zikloko kontzerturen baterako sarrera erakusten duen bisitariak.
Horrez gain, abuztuaren 25eko San Temo Gaua, Mikel Chamizoren parte hartzea izango duena, musika jaialdiarekin lankidetzan antolatu da.

Bestalde, jaialdiak mitologia klasikoarekin, beste mitologiekin eta jakinduria tradizionalarekin lotutako obra zerrenda bat prestatu du Spotifyn, eta abuztuan egongo diren bisita gidatuetan horien zati batzuk entzun ahal izango dira. Horrez gain, zerrenda San Telmoren webgunean ere egongo da eta museoaren sarreran entzunketa puntu bat jarriko da.

Azkenik, Musika Hamabostaldiko lagunek eta San Telmo Museoko bazkideek jarduera esklusiboak izango dituzte.

Ordutegia: Asteartetik igandera, 10:00-20:00.

Antolatzaileak: Museo Nacional del Prado, "la Caixa" Gizarte Ekintza

Lotura interesgarriak:
Museo Nacional del Pradoren weba
Donostia Kultura
la Caixa Gizarte Ekintzaren weba
San Telmo Museoaren weba

euskera-castellano

Envíanos tu evento