>
Artea

Erakusketa: "Easoko Mutilak 25 Urtez Kantari"

Erakusketa:
Donostia-San Sebastián
Lekua. Aiete Kultur Etxea
Data. 2018ko Ekainaren 15tik
2018ko Abuztuaren 26ra

Ordua.  
Prezioa. Entrada libre
OrganizaDonostia kultura

Donostiako Aieteko Kultur Etxean, "Easoko Mutilak 25 Urtez Kantari" Easo Eskolaniari buruzko erakusketa, bere 25. urteurrenaren ospakizuna dela eta.

Izan ere, Easo Abesbatzak gertakizun handia eta berezia ospatzen du 2017-18 ikasturtean zehar. Easo Eskolania izenez eta izanez sortu zeneko 25 urteak. Gertakizun honek berebiziko garrantzia izan du Easoren ibilbidean, bera izan baita hasiera eman diona haurren, gaztetxoen eta gazteen, neska eta mutilen abesbatzak sortu eta garatzeari, 17 urtetako adina arte sei koru osatuz.

Pentsa daiteke 25 urtetako iraupena lortzea ez dela hainbesterako. Baina badira arrazoi bereziak gertakizun hau nabarmentzeko, oso zaila baita XXI. mendean jarraipen hori erdiestea.

Musikariek eta abesbatza-zuzendariek diotenez, eskolania bat sortu eta egituratzea egiteko konplexuenetakoa da, aldi berean oso atsegingarria izan arren, oso aldakorrak baitira mutikoen ahotsak eta, hasi eta urte gutxitan, bariazioa ugariak eta aldaketa azkarra gertatzen direlako.

XX. mendearen erdialdean oso ohikoak ziren eskolaniak parrokietan, katedraletan eta monastegietan, eliz musikaren, batez ere musika liturgikoaren, partaide garrantzitsuak zirelako tipleak. Baina pixkana desagertu ziren eta salbuespen dira mantendu direnak, beti eremu sakratuekin lotuak. Mutikoen eskolaniak neska-mutilen koruak bihurtu dira, neskak askoz ugariagoak izanik.

Gaur egun Easo Eskolania bakarra da Euskal Herrian eta bakarrenetako bat Espainian. Ia beste guztiak monastegietako internatuetan bizi dira. Europan mantentzen direnak, gehienbat Alemanian, Ingalaterran eta Austrian, nabarmentzen dira bere teknikaz eta orokorrean musika sinfoniko-koralak eta konpositore unibertsalen opera handiak interpretatzen dituzte, eta bereziki eliz musika liturgikoa. Musika hau mutikoen ahotsez kantatzeko dago egina nagusiki.

Easo Eskolaniaren kantoreek beste mutikoen bizitza bera egiten dute eta hiru aldiz astean elkartzen dira eskakizun handiko errepertorioak prestatzeko eta goi mailako kalitatez interpretatzen dituzte programa horiek, Europako zuzendari handiek eta musika-kritikoek aitortu izan duten bezala, bai taldearen kantuan baita bakarlarien kantuan ere.

Erakusketa honen bidez, azaldu nahi dugu mutiko kantari hauen 25 urtetako ibilbide eder eta aberats hori, era guztietako dokumentuak, musika-grabazioak eta objektuak erakutsiz.

Ordutegia:

  • Astelehenak eta jaiegunak: itxita
  • Asteartetik ostiralera: 10:00-14:00
  • Larunbatak: 10:00-14:00 / 16:30-20:00
  • Igandeak: 10:00 - 14:00
  • Donostiako Aste Nagusia (abuztuaren 11tik 19ra arte)
    • Asteartetik igandera: 10:00 - 14:00.
    • Astelehen eta jaiegunetan (Abuztuak 15) itxita.

Antolatzaileak: Easo Abesbatza, Donostia Kultura.

Lotura interesgarriak:
Donostia Kultura
Easo Abesbatzaren weba

euskera-castellano

Envíanos tu evento