Albizturko babarrunak
Babarrun beltzak belaunaldiz belaunaldi landatu ohi izan dira herriko soro eta baratzetan, uzta oparo ugari eskeiniz. Iraila eta Urri aldera herrira inguratu ezgero laister ikusiko dituzu artosoroak babarrun lekakin biltzeko prest. Bereziki ezagunak dira gure herriko babarrunak bere zapore eta salda lodiarengatik, dirudienez kare-harrien eraginez soroetako lurrak aberastu eta ezaugarri bereziak dituzten babarrunak lortzen dira bertan, udazkena eta negua dira beraiek dastatzeko urte sasoi egokienak. Ohiko babarrun janaldia, babarrun beltzaz gain, aza, odolki, saiheski eta gindila piperrez osatzen da.
Ez dago oso argi babarrunaren jatorria zein den. Batzuk diotenez Ameriketatik ekarri zuten XVI. mendean, kolonizazioaren ondoren. Nolanahi ere badira hipotesiak Iberiar penintsulan lehendik ere ezagutzen zituztela esaten dutenak. Baina aldi luzea behar izan zen labore hori nekazariak onartu eta horren kontsumoa zabaldu zen arte "Euskal eltzekoa"ren oinarrizko egoskaria izatera heltzeko, hori iritsi aurretik erabiltzen ziren babak eta gaztainak alde batera utziz. Basomutilek eta "ikazkiñek" ez zuten hori egin, eta lanean ahitutako indarrak berreskuratzeko baba jaten jarraitu zuten, elikagai hobea zela esanez. Horrenbestez, labore horrek ez zuen garrantzi handiegirik izan gure herrian XVIII. mendearen amaierara arte eta XIX. hasierara arte. Orduan, gure nekazaritzaren pizkundearekin, hamarraldi luzeetan izan duen garrantzizko leku hori irabazten hasi zen babarruna. Laborantza hori nabarmen zabaldu eta Gipuzkoako etxe gehienetan nahitaezko otordu izatera heldu zen XX. mendearen erdialdera arte. Adibide moduan, 1914an, garai hartan jasotako estatistika-datuen arabera Gipuzkoan izandako Babarrun ekoizpena 4 milioi kg. ingurukoa izan zen guztira, gaur egun, harrigarria bada ere, kopuru haren hamarren batera bakarrik iritsiko gara.
Mende honen erditik aurrera hasi zen Babarrunaren beherakada nabarmena, hala ekoizpenean nola kontsumoan. Mende erdialde inguruko beherakada horren arrazoiak honakoak izan ziren: elikadura alorrean ohiturak aldatzea gure dietan produktu berriak sartzeagatik, maila ekonomiko hobea lortzea, nekazaritzan esku-lanak behera egitea eta industriak izandako garapena, azken honek ordu arte nekazaritzarako erabilitako lurrak bereganatu zituen. Azken hamarraldi honetan, ordea, elikadura alorreko joera berrien arabera dietan egoskariak sartzea komeni da oso elikagarriak direlako. Babarruna proteinetan aberatsenetakoa da landare jatorriko elikagaien artean. Karbono hidratoak ugari ditu eta baita zuntza ere, horiez gain asko dira dituen mineralak eta bitaminak ere, B mailakoak bereziki.
Elikadura alorreko adituen aurkikuntza horri esker, eta Euskal Herrian ohiko eran ekoiztutako produktu naturalen kontsumitzaileak horretan ibili direlako, sartu da babarruna berriro gure dietan eta pixkanaka-pixkanaka horren kontsumoa gehitzen hasi da.
Albizturko Jatetxeak:
- HERRIKO ETXE JATETXEA
50-60 pertsonentzako lekua.943 0050992
ePosta: herrikoetxe@gmail.com
Blog: www.herrikoetxejatetxea.blogspot.com - ELANE JATETXEA
60 pertsonentzako lekua.
Tfnoa:943 654 351 - UGARTE JATETXEA
30-40 pertsonentzako lekua.
Tfonoa: 943651728 - Santutxo Edaritegia
Helbidea: Aizkorri Txiki Bailara, 7 · 20495 Albiztur
Telefonoa: 943 651 796 - SEGORE-ETXE-BERRI JATETXEA
200 pertsonentzako lekua.
Tfonoa: 943580976
www.segore.com
Iturria: Albizturko udala
Lotura interesgarriak:
Segore-Etxe-Berri Jatetxea