>
Zinema

Donostia Zinemaldia 2020: WIP Europa

Donostia Zinemaldia 2020: WIP Europa en Donostia-San Sebastián
Donostia-San Sebastián
Lekua. Donostiako beste auzo eta guneak
Data. 2020ko Irailaren 22tik
2020ko Irailaren 24ra

Ordua.  
Prezioa.
OrganizaDonostiako Zinemaldia

Eslovenia, Espainia, Georgia eta Turkiako bost ekoizpenek hartuko dute parte WIP Europan, hots, Glocal in Progressen bilakaera gisa sortu den Donostia Zinemaldiaren jarduera berrian.

Jarduera ekoizpen gehiena Europakoa duten pelikulei zuzenduta dago, edozein hizkuntzatan, baina hegemonikoa ez den hizkuntzaren batean filmatuta egotea positiboki baloratzen da.

Aurten, WIP Europak online formatua eta aurrez aurrekoa konbinatuko ditu, eta hilaren 22an, 23an eta 24an egingo da, Zinemaldiaren 68. edizioarekin batera. Donostiara fisikoki joan daitezkeen profesionalak aretoko emanaldietara joango dira, beti bezala, eta Industriaren online akreditatuek, berriz, zerbitzu horiek urrutitik baliatu ahalko dituzte.

Hauek dira ikus-entzule profesionalei aurkeztuko zaizkien eta nola WIP Europa Industria Saria hala WIP Europa Saria eskuratzeko aukera izango duten bost filmak: Inventura / Inventory, Darko Sinko-rena (Eslovenia); Mbah Jhiwo / Ancient Soul, Alvaro Gurrearena (Espainia); 918 Gau / 918 Nights, Arantza Santestebanena (Espainia); Veli / Field, Lasha Tskvitinidze-rena (Georgia); eta Iki Şafak Arasinda / Between Two Dawns, Selman Nacar-ena (Turkia, Frantzia eta Errumania).

Inventura / Inventory Darko Sinko (Ljubljana, Eslovenia. 1979) esloveniarraren fikziozko lehen film luzea da, film laburrak eta dokumentalak zuzendu ondoren. Tiroketa batetik bizirik atera ostean, pertsona askok gorrotatu egiten dutela eta, horrenbestez, bere buruaz duen irudia birplanteatu behar duela konturatzen den gizon baten gorabeherak jarraitzen ditu filmak.

Mbah Jhiwo / Ancient Soul Alvaro Gurrearen (Bartzelona, 1990) lehen lana da. Indonesian filmatua (egileak denboraldi luzeak ematen ditu herrialde hartan), filma Sisiforen mitoaren berrikuspen moduko zerbait da; Kawah Ijen sumendiaren hegaletatik sufre-harri handiak garraiatzen dituen meatzari bat da protagonista, eta haren emazteak bat-batean familiaren etxea uzten duenean, gizonaren errutinak zeharo aldatuko dira.

918 Gau Arantza Santesteban zinemagilearen (Iruñea, Espainia. 1979) pelikula esperimentala da eta 2018an Ikusmira Berriak egonaldi-programan garatutako izen bereko proiektua du sorburu. Euskaraz filmatua, kartzelaren barneko eguneroko bizitza ulertzeko funtsezkoak diren arazoak jorratzen ditu egileak, hala nola denbora igarotzen den modua, kanpoko mundutik isolatuta egotea, giltzaperatuta egotearen ondorio fisiko eta psikologikoak, eta menderakuntzaren gune opakoak. Filmaren ekoiztetxeak (Txintxua Films) Glocal in Progress Industria Saria eta Glocal in Progress Saria irabazi zituen 2017an Dantza filmarekin, zeina Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean - Emanaldi Bereziak sailean aurkeztu zen.

Veli / Field Lasha Tskvitinidze (Tiblisi, Georgia. 1998) zuzendariaren bigarren film luzea da, marjinalitatearen mugatik igarotzen diren eta inguruabar pertsonal gogorrei aurre egin behar dieten pertsonaiak protagonista dituen film koral bat, hain zuzen.

Iki Şafak Arasında / Between Two Dawns Selman Nacar (Usak, Turkia, 1990) turkiar ekoizleak zuzendutako lehen filma da, eta enpresa txiki bateko langile batek lan-istripu larri izan ondoren haren jabeak dilema bat bizi duela kontatzen digu. Ekoizle gisa, Selman Nacarrek The Pilar of Salt eta Belonging obrak aurkeztu ditu Berlingo Zinemaldiko Forum sailean.

Arestian aipatutako Dantza filmaz gain, hona hemen Glocal in Progressen aurkeztu eta Donostia Zinemaldian parte hartu duten beste film batzuk: Hadrian Marcuren Un om la locul lui / A Decent Man New Directorsen egon zen 2018an, eta Ignas Jonynasen Nematoma obrak, 2018an Glocal in Progress Industria Saria eta Glocal in Progress Saria irabazteaz gain, New Directores Sailean parte hartu zuen 2019an, baita Tallinngo Black Nights zinemaldian eta Les Arcsen ere.

Pelikulen Zerrenda:

918 gau / 918 Nights
Arantza Santesteban
Espainia
"2007ko urriaren 4ko gauean, Polizia Nazionalaren kamioneta batzuek geldiarazi egin zuten gure autoa. Identifikatu ondoren, atxilotuta geundela jakinarazi ziguten. Terrorismo-delitua leporatu ziguten, 2002ko Alderdien Legeak ilegaltzat jotako alderdi batean jarduera politikoa gauzatzeagatik. Une horretan bertan hasi zen nire bizitza berria izango zen bide luze hura: kartzela. Guztira, 918 gau eman nituen espetxean. Ia hiru urtez erabat desagertu nintzen lehen nuen bizitzatik" (Arantza Santesteban). Ikusmira Berriaken hautatu zen proiektua 2018an.


İki Şafak Arasında / Between Two Dawns
Selman Nacar
Turkia - Frantzia - Errumania
Langile batek zauri larriak eragiten dizkion istripu bat izango du Kadirren familia-negozioan. Familiak istripuaren lege-ondorioei buruz eztabaidatuko du. Langilearen emazteak deskargu-agiri bat ez sinatzea erabakitzen badu, familiako kide batek errua bere gain hartu eta ihes egin beharko du. Kadir familiagatik sakrifikatzeko prest badago ere, ez du Esma utzi nahi, ezkontzeko asmoa baitute. Krisia kudeatzen duen bitartean, istripuari eta bere familiari buruzko sekretuak argituko ditu Kadirrek, eta ondorio etikoak dituen erabaki bat hartu beharko du; ondoreak izango ditu horrek Kadirren ametsetan, familian eta zauritutako langilearen emaztearen bizitzan.


Inventura / Inventory
Darko Sinko
Eslovenia
Boris Robič gizon arrunta da. Arratsalde batean eraso bortitz bat pairatuko du bere etxean. Polizia ikertzen hasten da baina ez du susmagarririk aurkituko, eta dirudienez, inork ez luke Borisi tiro egiteko interesik izango. Poliziak ikerketa itxiko du, tiroketa zorigaiztoko kasualitatea izan zela sinetsita. Egia jakin nahian, bere kabuz ikertzen hasiko da Boris, eta errudun posibleen bila dagoela, ibilbide tragikomiko batean sartuko da. Izan ere, konturatuko da uste baino jende gehiagok gorroto diola, eta bere bizitzaz duen irudia ilusio bat besterik ez dela.


Mbah Jhiwo / Ancient Soul (Arima zaharra)
Alvaro Gurrea
Espainia
Yono, edo Mbah Jhiwo (arima zaharra) Kawah Ijen sumendiaren kraterraren hegaletik egunero sufre-harri handiak garraiatzen dituzten meatzarietako bat da. Goiz batean, emazteak familiaren etxea utziko du bat-batean, eta gizonak aspalditik zituen errutinak zeharo aldatuko dira. Sisifo bezala biziko da, etengabeko itzulera batean harrapatua eta emaztea itzultzeko fedeak gidatua; Yonok antzeko gertakariei aurre egin beharko die, eta horien itxura aldatuz joango da Yonoren sinesmenak animismotik islamera eta kapitalismora aldatuz doazen heinean. Etnofikziozko film honek alteritatea aztertu eta aurrerapenaren mitoa zalantzan jartzen du, hegoaldeko uharteen errealitate neokolonialaren testuinguruan.


Veli / Field
Lasha Tskvitinidze
Georgia
Nika eta Salome bikote gazteak jaioberri bat du. Nika langabezian dago eta Salomek garbiketa-lanak egiten ditu. Giglio eta bere osaba drogazaleak eta gaizkileak dira. Nikaren tolesgabetasunaz aprobetxatu eta engainatu egiten dute, misioetan parte har dezan. Salomek, bestalde, mundua uholde handi batekin amaituko dela uste duen sekta batean parte hartzen du isilpean. Nika, Gigiloren eraginpean dagoela, bizkartzain bihurtzen da hasieran, eta hiltzaile geroago. Salome behartu egiten dute haurtxoarekin Indiara ihes egitera; bertan, iraganeko traumak apurtzen saiatu eta sentimendu berri eta ezezagunak sentitzera eramango duen bidaia batean murgilduko da.

Lotura interesgarriak:
Nazioarteko Zinemaldia - Donostia

euskera-castellano

Envíanos tu evento