>
Artea

Erakusketa: "Arrazoiaren loa. Goyaren itzala arte garaikidean" - BERTAN BEHERA!!

Erakusketa:
Donostia-San Sebastián
Lekua. Kubo-Kutxa Aretoa
Data. 2020ko Urtarrilaren 24tik
2020ko Apirilaren 11ra

Ordua.  
Prezioa. Entrada libre
OrganizaKutxa Gizarte Ekintza.

Donostiako Kubo-kutxa aretoak "Arrazoiaren loa. Goyaren itzala arte garaikidean" erakusketa aurkezten du, 2020ko apirilaren 12ra arte ikusgai egongo den erakusketa.

Osasun Agintarien gomendioak jarraituz, Kutxa Fundazioak areto guztiak ixtea eta programatutako jarduerak bertan behera uztea erabaki du.

Besterik jakinarazi arte, Kutxa Kultur espazioak Tabakaleran, Eureka! Zientzia Museoa, Kutxa Ekoguneko Haur Parkea, Kubo-kutxa eta Kutxa Kultur Artegunea aretoak itxita izango dira, eta programatutako jarduera guztiak eta Aste Santu eta Pazku Asteko udaberrilekuak ere, bertan behera uztea erabaki dugu. Kutxa Kultur Gelak-eko programazio guztia aldi baterako ere bertan behera geratzen da.


  • Komisarioa: Oliva María Rubio

Erakusketa

2019. urtean 200 urte bete ziren Francisco de Goya y Lucientes Margolan Beltzak margotzen hasi zenetik Quinta del Sordo finkaren bi aretotan. Margolan horiek Prado Museoan ikus daitezke gaur egun.

Efemeride horren harira, erakusketa honen bidez, Goyaren obrak gaur egungo artean oraindik duen eragin handiaren berri eman nahi dugu, Zaragozako Museoan 2008an antolatutako Goya eta arte modernoa erakusketaren urratsei jarraituta. Erakusketa Fernán Gómez Centro Cultural de la Villa-k (Madril) eta La Fábrica-k ekoitzi dute.

Goyaren obra (1746-1828) batetik, bere garaiaren erakusgarri da, Argien Mende hura, non arrazoiak ez baitzuen deus ziurtatzen; eta bestetik, artistak desberdintasun eta bidegabekeriaren aurrean edo garaiko gerren aurrean hartutako desilusio handiaren erakusgarri ere bada.  Francisco de Goya margolari iraultzaile bat izan zen, edukian eta forman, eta mendebaldeko kontzientzia suspertu zuen boterearen eta gerraren arteko harremanari dagokionez -ordura arte guduen eszenak eta eskulturak boterea irudikatzeko elementu gisa eta propagandako arte gisa erabili zituzten-; era berean, hainbat gai barneratu zituen artean: subjektibotasuna, groteskotasuna, indarkeria, malformazioa, eromena, ametsa André Malraux-ek zioen moduan, Goyarekin "margolaritza modernoa hasten dela" esan daiteke.

Goya ondoren, artista askok landu dituzte horrelako gaiak, beraien testuinguru sozio-politikoan txertatuta. Valeriano Bozal-en arabera, Goya "arte modernoaren ikonoa da, eta haren itzal luzea ondorengo artean proiektatu da". Eta erakusketa honek, hain zuzen, itzal luze horretan arakatzen du, 1960-2019 urteen bitartean 54 artistek eginiko 83 piezen bidez.

Obra horiek XX. mendeko errealitatera hurbiltzen gaituzte; mende bat, bidegabekeria eta desberdintasun askoren lekuko izan zena, baita gatazka garrantzitsuena ere: bi mundu gerrak (1914-18 eta 1939-45), sobietar iraultza (1917), Balkanetako gerra (1991-2001), Golkoko gerra (1990-91), etab. Gizarte zibilean milioika hildakoak eragin zituzten guztiek.

Erakusketa kolektibo handi honetan ditugun artisten artean, badira batzuk oso ezagunak, hala nola Antonio Saura eta Manuel Rivera, El Paso taldekoak, eta badira ere 30eko eta 40ko hamarkadetan jaiotakoak, hala nola Eduardo Arroyo eta Darío Villalba. Era berean, nazioarteko artistak ditugu, hala nola Zoran Mušič, Yasumasa Morimura, William Kentridge eta Simon Edmonson, baita estatukoak ere, hala nola Simeón Sáez Ruiz, Rogelio López Cuenca, José Manuel Ballester, Pilar Albarracín, Jorge Galindo, Victor Mira, José Manuel Broto eta Eva Lootz.

Erakusketa Goyaren serieen arabera antolatutako 5 gai multzotan dago banatuta. Serie horiek 1792an gor utziko zuen gaitza hartu ondoren margotu zituen, Antzinako Erregimenaren krisiaren hasieran, Espainiako historiaren garai erabakigarri batean: Kapritxoak (Los Caprichos), Gerraren hondamenak (Los Desastres de la Guerra), Zentzugabekeriak (Los Disparates), Margolan Beltzak (las Pinturas Negras) eta Maiatzaren 3a Madrilen (El 3 de mayo en Madrid).

Goyak irudi kritikoetan jaso zuen Espainiako errealitatea, bere jarrera ilustratuaz baliatuta; izan ere, harremanetan zegoen, 1780ko hamarkadaz geroztik, garaiko intelektualekin, hala nola Ceán Bermúdez, Meléndez Valdés, Jovellanos eta Moratin.

Sineskeria eta ezjakintasun herrikoiaren eta estamentu pribilegiatuen aurka egin zuen -profesionalen taldeen eta politikarien gaitasunik eza-, bai eta gizartearen bizio eta akatsen aurka ere: prostituzioa, hitzartutako ezkontzak, garaiko haur espainiarren heziketarik eza edo heziketa txarra, zurikeria, errukitasunik eza, etab.

Era berean, ilustratuek laidoztatutako inkisizioaren aurka jo zuen, zeinak edozein desbideratze erlijioso, moral edo ideologiko erreprimitzen baitzuen, baita sorginkeria ere. Badira maisu eta mediku ezjakinak kritikatzeko lanak, baita errenten eta jaunaren eskubideen bidez nekazariak ustiatzen zituzten jauntxoak kritikatzekoak ere. Serie horiek artista askorengan izan dute eragina, eta haien inspirazio iturri izan dira, hala gaiengatik nola estiloagatik.

Teknikei dagokienez, margolaritza, eskultura, argazkilaritza, serigrafia, bideo instalazioak, ikus-entzunezkoak eta film zatiak erabiltzen dira.

Artisten zerrenda osoa

Carlos Aires - Pilar Albarracín - Bonifacio Alfonso - Eduardo Arroyo - José Manuel Ballester -  Joan Barbarà -  Natalio Bayo -  John Berger e Yves Berger -  Fernando Bellver -  Pascual Blanco -  Christian Boltanski -  José Manuel Broto -  Ricardo Calero -  Carmen Calvo -  Daniel Canogar -  Harold Charre -  Martín Chirino -  Alicia Díaz Rinaldi -  Simon Edmondson -  Mounir Fatmi -  Luis Feito -  Jorge Galindo -  Juan Genovés -  Luis Gordillo -  Günter Grass -  Josep Guinovart -  José Hernández -  Cristina Iglesias -  Alfredo Jaar -  William Kentridge -  Francisco Leiro -  Dora Longo -  Eva Lootz -  Rogelio López Cuenca -  Jaime Lorente Sainz -  Cristina Lucas -  Enrique Marty -  Victor Mira -  Yasumasa Morimura -  Blanca Muñoz -  Zoran Mušič -  Jaume Plensa -  Manuel Rivera -  Mariano Rubio -  Simeón Saiz Ruiz -  Avelino Sala -  Fernando Sánchez Castillo -  Antonio Saura -  Pablo Serrano -  Antoni Tàpies -  Manolo Valdés -  Darío Villalba -  Manuel Viola

Komisarioa: Oliva Maria Rubio

Artearen Historiako doktorea, UAMren Filosofia eta Letren Fakultatean (1992). Artearen historialaria eta komisarioa da. La Fábricaren zuzendari artistikoa.
PHotoEspañako komisario orokorra izan zen 2001-2003 edizioetan, eta bertan, identitateari lotutako gaiak garatu zituen, Desde el Sur, Femeninos eta Nos-Otros egitasmoetan; halaber, nazioarteko eta estatuko artisten 60 erakusketa baino gehiago jarri zituen martxan. Gero, komisariotza lanak egin ditu Europako zentro ezagunetan egindako erakusketa askotan.
2000-2012 urteen artean, Caja Madriden Gizarte Ekintzaren Generaciones (sariak eta bekak) proiektuaren arduraduna izan zen.
Arte eta argazkilaritza sarien epaimahai askotan parte hartu du; tartean, Albert Renger-Patzsch photography Award, Essen, 2006; Gran Prix Henri Cartier-Bresson, Paris, 2009; Deutche Börse / Photographers" Gallery Photography Prize 2010, Londres.
Europako Batzordearen Committee of Visual Arts Culture 2000 programme-ko kide izan zen (Brusela, 2003), bai eta Fonds National d"Art Contemporain-eko kidea ere (2004-06, Paris).
Aholkulari artistikoa izan da lehiaketa hauetan: Prix de Photography at Fondation HSBC pour la Photograhie, París, 2005; Deutsche Börse Photography Prize 2010/Photographer"s Gallery, Londres, 2010; European Month of Photography Award, Viena, 2013; Robert Capa Photographic Grand Prize Hungary, Budapest, 2018; LensCulture Art Photography Awards 2019.
Horrez gain, La mirada interior. El surrealismo y la pintura (1994) lana egin zuen, eta artikulu asko idatzi ditu katalogo eta aldizkarietan.

Jarduerak

Doako bisita gidatuak

  • Larunbatero. 18:30ean euskaraz, eta 19:30ean gaztelaniaz.

Familientzako tailerrak

  • Familientzako tailerrak, lagunduta joaten diren 5-11 urte arteko haurrentzat.  
         
    • Larunbatetan, 17:00-18:30 h.
    •  

Izugarrikeria eta Loria: Gerra Artearen Historian Hitzaldia,Ramon Esparza.

  • Otsailak 13, 19:00 h.
  • Gaztelaniaz. Sarrera doan, aretoa bete arte.

Moving Artists proiektuaren aurkezpena.

  • Otsailak 20, 19:00 h.
  • Gaztelaniaz. Sarrera doan, aretoa bete arte.

Mikroerrelatuen tailerra: Arrazoiaren loak munstroak sortzen ditu.Yurre Ugarte.

  • Martxoak 12, 18:00-20:00 h
  • Euskaraz. Doan, aldez aurretik izena emanda.

Goya & Bertso-saioa

  • Gai jartzailea: Ana Galarraga. Bertsolariak: Alaia Martin eta Amets Arzallus
  • Apirilak 2, 19:00 h
  • Euskaraz. Doan, aldez aurretik izena emanda.

Ordutegia

  • Asteartetik igandera: 11:30 -13:30 / 17:00 - 21:00

Sarrera doan.

Kubo-kutxa

Lotura interesgarriak:
Kubo-kutxa Aretoaren weba

euskera-castellano

Envíanos tu evento