>
Musika

Euskadiko Orkestraren 2020-2021 Abonu-Denboraldia

Euskadiko Orkestraren 2020-2021 Abonu-Denboraldia en Donostia-San Sebastián
Donostia-San Sebastián
Lekua. Kursaal
Data. 2021ko Urtarrilaren 1tik
2021ko Ekainaren 13ra

Ordua. 19:30
Prezioa. 35 / 27 / 18 ? €
OrganizaEuskadiko Orkestra

Euskadiko Orkestrak bere 2020-2021 Abonu denboraldiaren barruan Donostiako Kursaal Auditoriumean eskainiko dituen kontzertuen egutegia.

  • Orkestraren Denboraldi honetan Erromantizismo garaiak hartuko du protagonismoa, Schubert edo Schumann bezalako konpositoreen presentziarekin.
  • Lehenengo bi programek egutegi eta ezaugarri apartekoak izango dituzte, Covid-19aren pandemiak edukiera murriztera behar lezakeela kontuan hartuta.
  • Robert Treviñok laugarren denboraldiari ekingo dio titular gisa, bost kontzertu programa zuzenduko ditu eta orkestra biran eramango du, oraingoan Italia eta Kroaziara 2021eko apirilean.
  • "Elkano: Mundubira musika bidelagun" proiektuak bere ibilbidea jarraituko du Mikel Urquizaren "Nire itsas munstroak" obraren estreinaldiarekin.

Gure zuzendari titular Robert Treviñok dioen moduan, gauza garrantzitsu bat ikasi dugu pandemia-garai hauetan, "etxea ez dagoela leku jakin batean, pertsonengan baizik. Berriki bizitako trauma sakona izan da, eta gure arteko banaketa beste galera modu bat bezala pairatu dugu. Orkestra-kontzertu bat ez da ekitaldi bat bakarrik, kultura, pasioa, artea, entretenimendua eta zaletasuna bizitzeko aukera bat ere bada; horrek GUZTIAK gizateria irudikatzen baitu". Horregatik, orain Euskadiko Orkestraz hitz egin nahi dizuegu, guztiok elkar aurkitzeko leku komun gisa. Gure programazioa ezagutzera eta gozatzen hastera gonbidatzen zaituztegu. Aurretik, hemendik aurrera nolakoak izango garen eta datozen hilabeteetan gure jarduera nola kudeatuko dugun azalduko dizuegu.

Marka berria, Euskadiko Orkestra: Elkartzen gaituen zirrara

Gogoeta honek barne hartu du, baita ere, digital-osteko aroan orkestrak publiko ezberdinen aurrean aurkezteko eta haiekin harremantzeko duen modua. Izen bakarrarekin egingo du: Euskadiko Orkestra. Orain arte erabili diren izendatzeko modu guztiak (EO, OSE, EOS, etab.) ordezkatuko ditu, izan ere, oso modu aldakorrean erabili baitira eta ez baitira erabilgarriak izan markaren aintzatespena indartzeko. Aldi berean, eta nazioarteko zabalkundea lortzeko, ingelesezko "Basque National Orchestra" izendapena ere mantendu da, kanpo-esparruan erabiltzeko. Gainera, gure marka berria eta gure izaera aurkezteko egin dugun hausnarketa guztiak "sentitzea", "ulertzea", "bizitzea" bezalako terminoetara eraman gaitu, zirrara komun bat sortuz: musikazaleen familia handiarekin elkartzen gaituen zirrara.

Antolaketa-planteamendua

Lehen antolaketa-planteamendu bat egin dugu edukiera %50ean murrizteko premisari eta covid-19ren pandemiak ezarritako segurtasun-neurriak betetzeko premisari helduz. Gainera, hasieran diseinatutako programazioa aldatu eta antolaketa-planteamendua egokitu dugu. Lehen bi abonu-programak honela egingo dira: lehenengoan, Schubert, saio bikoitza eskainiko dugu arratsaldean (18:00 eta 20:15), saio bakoitzean gure publikoaren erdia izatea ahalbidetzeko. Bigarrenean, Wagner, hiri bakoitzaren arabera desberdinak izango dira hartutako neurriak, baina formula nagusia izango da kontzertu-egun bat gehiago ematea egitarauari. Bi kasuetan, gure abonatuei esleituko diegu beren kontzertuaz gozatu ahal izango duten eguna eta ordua. Abuztuaren amaieran, kontzertu-aretoetan aplikatu beharreko neurriak ziurtasun handiagoz ezagutzea espero dugu; beraz, ordura arte itxarongo dugu neurri horiek egokiak direla baieztatzeko. Gure publikoari ulermena, pazientzia eta inplikazioa eskatuko diogu, baina, batez ere, orain arte bezalako jarraitzaile sutsu izaten jarraitzeko eskatuko diogu. Horrela bakarrik kudeatu ahal izango dugu arrakastaz ziurgabetasun hori, eta 7000 abonatu dituen aparteko komunitate honen laguntzaz.

Kontzertuen ordutegia

Euskadiko Orkestraren abonatu guztiei kontzertuak hasteko ordutegiari eta beste gai interesgarri batzuei buruz Denboraldi honetan egindako inkesta baten emaitzak aztertu ondoren, Bilbo, Donostia eta Iruñeko kontzertuak 19:30era aurreratzea erabaki da (lehenengo bi programetan izan ezik, covid-19aren eragina izango baitute horiek). Hiru hiri horietan jasotako erantzunen %62 ordutegia aurreratzearen aldekoak ziren eta, beraz, neurri hori hartu da publikoaren asistentzia eta abonatuen antolaketa hobetzeko. Hala ere, Gasteizen betiko 20:00etako ordutegiari eustea erabaki da, abonatuen %39k bakarrik eskatu baitzuen ordutegia aurreratzea.

Abonu Denboraldiaren programazioa

Euskadiko Orkestraren 2020/2021 Abonu Denboraldia irailaren 25ean hasiko da Gasteizen eta 2021eko ekainaren 17an amaituko hiri berean.

Denboraldiaren ideia Nagusia: Erromantizismoa

Denboraldi honetan, aspalditik orkestrak egin ez zuen begirada bat dago: protagonismoa erromantizismoan zentratzea. Hau Schuberten sinfonia guztiak barne hartzen dituen programan nabarmenduko da gehien, Denboraldia jaialdi bat balitz bezala irekiko dutenak. Schumann ere garrantzizko figura izango da. Denboraldi honetan Erromantizismoaren aro horren zati bat erakutsiko dugu, baina, era berean, Wagnerrek ideia eta mugimendu kultural hori nola hautsi zuen ere ikusiko dugu.

Denboraldiko proiektu berezia: Schubert maratoia

Aurreko Denboraldiaren inaugurazioan, "Zain" izeneko proiektu berezi batek piztu zuen arreta; ez zen aldez aurretik jakitera orkestrak zer interpretatuko zuen programa horretan, eta hori izan zuen berezitasun. Denboraldi berri hau ere formato berezi batekin hasi nahi dugu: Schuberten sinfonien maratoia, orkestraren egoitza diren lau hirien artean banatuko den maratoia. Zergatik ekingo diogu Denboraldiari horrelako proiektu batekin? Hainbeste ziurgabetasunen aurrean, jaialdiaren kontzeptuaren aldeko apustua egin nahi genuelako. Izan ere, jaialdiek hain berezkoa duten jai-espiritua, bizi-espiritua eta espiritu kementsua oso beharrezkoa baitugu garai hauetan. Astebetean sinfonia batzuk prestatu eta interpretatzea lan gogorra da, eta erronka berria izango da orkestrarentzat.

Ibilbide luzeko ildoak

Ibilbide luzeko zenbait ildorekin ere jarraituko dugu Denboraldi honetan, horietako asko Robert Treviñoren titulartasunarekin argi eta garbi lotuta:

  • Treviño aintzatespen nabarmena eskuratzen ari da nazioartean Mahlerren kontura, eta Denboraldi honetan ere oso presente egongo da konpositore bohemiarra. Orkestrak haren 5. eta 7. sinfoniak interpretatuko ditu Denboraldi honetan, baita ahots-lan bat ere: Lieder eines fahrenden Gesellen.
  • Joan den denboralditik, Bartok orkestraren errepertorioan presentzia nabarmena izaten ari da. Orain Gazteak programan izango du, Birgit Kolar orkestraren kontzertino iraunkor gonbidatuaren eskutik etorriko den Biolinerako 1. kontzertuarekin.
  • Antzeko zerbait gertatuko da Rakhmaninovekin. Aurreko denboraldietan 2. eta 3. sinfoniak entzun ondoren, bere hiru sinfonien zikloa osatzen duen 1. sinfonia sartu dugu aurtengo programazioan.
  • Elkano: Mundubira musika bidelagun proiektua ibilbide luzeko beste ekimen bat da, bere ibilbidea jarraituko duena. Mikel Chamizok ireki zuen bidaia musikala, eta oraingoan Mikel Urquizak hartuko du lekukoa, maiatzean estreinatu ezin izan zen Nire itsas munstroak obrarekin.
  • Musika-obren trukea. Denboraldi honetako beste gertaera garrantzitsu bat Gary Carpenter britainiarraren Ghost Songs obra Espainian estreinatzea izango da. Royal Scottish National Orchestra, Royal Liverpool Philharmonic Orchestra, City of Birmingham Symphony Orchestra eta Euskadiko Orkestra dira obraren enkargua egin duten lau orkestrak. Enkargu hori gure orkestrak Liverpooleko taldearekin duen harreman estuaren ondorio da. Bidaia horrek alderantzizko ibilbidea ere izango du, eta Elkano: Mundubira musika bidelagun proiektuko lanak eta beste euskal konpositore batzuk beren orkestretan interpretatzea eta publiko britainiarrak ezagutzea adostu da.
  • Errepertorio berriaren aurkezpena: Elkano: Mundubira musika bidelagun proiektukoak bezalako obra berriak eta Carpenterren enkarguzko obra izango ditugu, batetik, eta, bestetik, lehendik existitzen ziren baina orkestrak lehen aldiz bere errepertorioan txertatuko dituen obrak ere bai.

Zuzendariak, solistak eta abesbatzak

Orkestrak berriz ere artista sorta ederra izango du bere programazioan, baina aipatzekoa da hiru programari bakarka helduko diela, gonbidatutako bakarlaririk gabe. Zalantzarik gabe, interpretazioan protagonismo handia emango diote hiru programa horiek orkestrari. Gainontzean, hona hemen Denboraldiko gonbidatuak:

  • Solistak: Atal honetan lehenago gure artean izan ditugun artista handiak izango ditugu berriz gurean: Pablo Ferrández biolontxelojolea, Vadim Gluman biolinjolea eta Nikolai Lugansky pianojolea. Lehendabizikoz egingo diegu harrera Behzod Abduraimov pianojoleari eta Manuel Walser baritonoari. Birgit Kolar, Euskadiko Orkestraren kontzertino iraunkor gonbidatua, estreinakoz ariko da solista paperean orkestra honetan.
  • Zuzendariak: Robert Treviñok presentzia nabarmena izaten jarraituko du, bost programarekin, eta gainontzeko programetan Hans Graf eta Michel Tabachnik beteranoak eta Ruth Reinhardt, Gemma New eta Anja Bihlmaier gazteak izango ditugu.
  • Abesbatzak: Easo Abesbatzako gazteek Carpenterren Ghost Songs enkarguzko obra interpretatuko dute eta Iruñeko Orfeoiak Lorenzo Ondarraren Salve Regina eta Berliozen Tristia jorratuko ditu.

Denboraldi berriaren irudia

ACC Komunikazio Agentzia izan da 20/21 Denboraldi honetako irudiaren sortzailea. Denboraldiaren irudi nagusia collagen collage bat izatea proposatu dute, gainerako programetatik aukeratutako elementuz osatutako irudi bat, bere osotasunean konposizio adierazgarri bat sortzeko asmoz. 10 irudien multzoa filosofiaren ikerketa-lan garrantzitsu baten ondoren lortu da, balio sinboliko eta estetikoa duten irudiak eta konposizioak dira, atzean mezu eta esanahiez beteak. Osotasun bat osatzen duen dimentsio bisual batekin beti, eta Erromantizismoa programazioaren argumentu nagusitzat hartuta.

Abonu eta sarreren salmentari buruzko informazioa

Gaur egungo egoera dela-eta, oraindik ezin dugu bermatu abonatu berrien izen-ematea, ezta denboraldi osoko kontzertuetarako sarrera solteen salmenta ere. Unean-unean informatuko dugu. Edonola ere, eskaerak orkestraren webgunean (euskadikoorkestra.eus) eta telefonoz (943 01 32 32) jaso ahal izango dira.

Donostiako Egitaraua:

01- 2020ko irailak 28 eta 29:

  • Schubert
    • Robert Treviño; Zuzendaria
    • Euskadiko Orkestra
      • Schubertek bizitza zaila izan zuen, eta ez zen inoiz ospetsu izatera iritsi bere garaiko ikusleen artean. Hala ere, oso lagun leialen talde bat izan zuen, eta, 1815etik aurrera, bere omenez, Schubertiade direlakoak antolatzen hasi ziren; jaialdi pribatuak ziren, eta egilearen musika ospatu eta beste arte batzuekin erlazionatzen zen. Gaur egun, Europako hainbat tokitan, indarrean dago oraindik tradizio hori. Eredu horretan inspiratuta, eta Erromantizismoan oinarritzen den denboraldiari handitasunez hasiera emateko, Euskadiko Orkestrak bere Schubertiade propioa ospatuko du, eta Robert Treviño izango da zeremonia-maisu. Ez da inoiz egin horrelako ezer: astebetean, Schuberten zortzi sinfoniak entzuteko aukera eskainiko du, lau hiriburuetan banatuta eta saio bikoitzetan.
        • Egitaraua:
          • F. Schubert:
            • Irailak 28:
                 
              • 18:00: 1. eta 6. Sinfoniak.
              •  
              • 20:15: 5. eta 4. Sinfoniak.
            • Irailak 29:
                 
              • 18:00: 2. eta 8. Sinfoniak.
              •  
              • 20:15: 3. eta 9. Sinfoniak.
        • Oharra: Programa honek ezohiko egutegi eta ezaugarriak izango ditu, covid-19aren pandemiaren ondorioz gerta litezkeen edukiera-murrizpenak kontuan hartuta.

02- 2020ko urriak 29 eta 30 eta azaroak 5, 6:

  • Wagner!
    • Michel Tabachnik; Zuzendaria
    • Euskadiko Orkestra
      • Schubert Erromantizismoko musikaren hastapenetan funtsezkoa izan bazen ere, Richard Wagnerrek operen corpus bat sortu zuen, eta mugimendu artistiko horren helduaroaren muina dira. Operetan, hainbat kontu garrantzitsu landu zituen (besteak beste, maitasuna, erlijioa eta filosofia) ikuspuntu transzendente batetik, eta, horretarako, musika-hizkuntza berritzaile bati forma eman behar izan zion. Wagnerrek hedadura handiko operak sortu zituen, eta bere ekintza eta izpiritua obertura eta preludioetan laburbiltzeko egitandia ere lortu zuen; jakina, errepertorio sinfonikoan sartu dira. Michel Tabachnikek Karajan eta Boulez zuzendari garrantzitsuen eskutik ezagutu zuen Wagner, eta, gero, mundu erdiko opera-antzokietan findu zuen bere estiloa. Oraingoan, Der Fliegende Holländer, Parsifal, Lohengrineta Tannhäuseroperen zati ezagunenetako batzuei helduko die.
        • Egitaraua:
          • R. Wagner:
            • Der Fliegende Holländer (Obertura)
            • Parsifal, 1. ekitaldia (Preludioa)
            • Lohengrin, 1. eta 3. ekitaldia (Preludioa)
            • Tannhäuser (Obertura & Venusberg)
        • Oharra: Programa honek ezohiko egutegi eta ezaugarriak izango ditu, covid-19aren pandemiaren ondorioz gerta litezkeen edukiera-murrizpenak kontuan hartuta.

03- 2020ko abenduak 4 eta 10:

  • Enigmatikoa
    • Robert Treviño; Zuzendaria
    • Pablo Ferrández; Biolontxeloa
    • Euskadiko Orkestra
      • Elkano: Mundubira Musika Bidelagun proiektu handiak Mikel Urquiza konpositorearen eskutik jarraitu du bere bidaia; izan ere, Nire itsas munstroaklanean, Amerikara hurbildu, eta Getariako marinelaren espedizioak han egin zituen aurkikuntza zoragarriak ezagutzen ditu. Jarraian, Pablo Ferrández biolontxelo-jotzaile gaztea izango dugu berriro; 2019ko maiatzean, estreinaldi arrakastatsua izan zuen orkestrarekin eta Robert Treviñorekin batera. Oraingo honetan, tandemak Erromantizismoko musikako kontzertu handienetako bat emango du: Schumannen Biolontxelorako kontzertua. Konpositoreak 1850ean konposatu zuen kontzertu hori, eromenean erabat erori baino urte batzuk lehenago bere buru torturatuak azkeneko aldiz bakea eman zionean. Bere bizitzako azken urteetan, Xostakovitxek ere azken kapitulua erantsi zion bere ziklo sinfonikoari: 15. sinfonia. Sorkuntza enigmatikoa zen, bere musika propioaren eta Rossini, Rakhmaninov, Mahler, Wagner eta beste egile batzuen aipuz betea.
        • Egitaraua:
          • M. Urquiza
            • 2. Elkano Proiektua: "Nire itsas munstroak"
          • R. Schumann
            • Biolontxelorako kontzertua
          • D. Xostakovitx
            • 15. Sinfonia

04- 2021eko urtarrilak 15, 18 eta 21:

  • Aire Nordikoa
    • Robert Treviño; Zuzendaria
    • Euskadiko Orkestra
      • Behzod Abduraimov pianojoleak, programa honetara gonbidatutako bakarlariak, bertan behera utzi du bere parte-hartzea eta, beraz, orkestrak aldatu egin behar izan du interpretatu beharreko programaren lehen zatia, orain Mozarten 36. eta 41. sinfoniek osatuko dutena. Kontzertuen bigarren zatietan Robert Treviñok Sibeliusen bi sinfonia jorratuko ditu, biak nahiko gutxi programatuak: 3. Sinfonia, Sibelius ordura arte bereizgarri izan zuen kutsu hipererromantiko eta nazionalistatik urrundu zuena; eta 4. Sinfonia, Sigmund Freuden teoriek eraginda, konpositoreak berak "sinfonia psikologiko bat" deitu zuena.
        • Egitaraua:
          • 1. programa
            • W.A. Mozart
                 
              • 41. Sinfonia, "Jupiter" [27"]
            • J. Sibelius
                 
              • 3. Sinfonia [32"]
          • 2. programa
            • W.A. Mozart
                 
              • 36. Sinfonia, "Linz" [26"]
            • J. Sibelius
                 
              • 4. Sinfonia [36"]

05- 2021eko urtarrilak 29 eta otsailak 1:

  • Bizirik
    • Ruth Reinhardt; Zuzendaria
    • Iruñeko Orfeoia
    • Euskadiko Orkestra
      • Ruth Reinhardt zuzendari alemaniar goiztiarra da; 17 urterekin, opera bat konposatu eta zuzendu zuen bere jaioterrian, Saarbrücken, eta, azken urteetan, Cleveland, Seattle, Dallas eta Malmöko orkestra garrantzitsuen podiumera igo da. Euskadiko Orkestrarekin egingo duen debutean, programa heterogeneo bat zuzenduko du. Hindemithen Hari eta metalerako musika kontzertantea lanarekin, keinu egingo dio XX. mendeari, eta, gero, errepertorio sinfoniko-koralera eramango gaitu, Iruñeko Orfeoiarekin sinergian. Abesbatzak (Europako zaharrenetako bat), alde batetik, Lorenzo Ondarraren Salve Regina lanaren neoklasizismoa jorratuko du, baita Tristiaere, Berliozen hiru koru-piezako bilduma, inspirazio shakespeariarrekoa. Kontzertua Dvoraken 5. sinfoniak itxiko du, konpositore bohemioa heldutasun musikalera eraman zuen perfekzio landuko partiturak.
        • Egitaraua:
          • P. Hindemith
            • Hari eta metalerako musika kontzertantea
          • L. Ondarra
            • Salve Regina
          • H. Berlioz
            • Tristia
          • A. Dvorak
            • 5. Sinfonia

06- 2021eko martxoak 12 eta 18:

  • Bidaiak
    • Gemma New; Zuzendaria
    • Vadim Gluzman; Biolina
    • Easo Abesbatza
    • Euskadiko Orkestra
      • Orkestrak indarrak batuko ditu bere laguntzailerik leialenetako batekin, Easo Abesbatzarekin, denboraldiko bigarren estreinaldiari ekiteko; izan ere, Gary Carpenter konpositore ingelesari enkargua egin dio, hainbat orkestra britainiarrekin elkarlanean. Ghost Songsizenburupean, Marion Angus eta Robert Louis Stevensonen poesiatik abiatzen da sorkuntza, loaren eta esnaldiaren arteko linboan esperientzia musikal bati forma emateko. Ondoren, Vadim Gluzmanek (2018an, orkestrarekin batera egin zuen Austriako eta Alemaniako bira) Sergei Prokofieven Biolinerako 2. kontzertuarekin egingo du aurkezpena gure denboraldian. Kontzertua errusiarraren konposizio liriko eta sentimentalenetako bat da. Gemma New Zeelanda Berriko zuzendari apartak (harreman handia dauka zenbait orkestra amerikarrekin, hala nola Saint Louisekoarekin eta Dallasekoarekin) Schumannen 3. sinfonia «Renana» baliatuko du programa ixteko (Beethovenen Pastorala sinfoniaren baliokidetzat hartzen da).
        • Egitaraua:
          • G. Carpenter
            • Ghost Songs (enkarguzko obra)
          • S. Prokofiev
            • Biolinerako 2. Kontzertua
          • R. Schumann
            • 3. Sinfonia, "Renana"

07- 2021eko apirilak 8, 9, 19 eta 21:

  • Bruckner
    • Robert Treviño; Zuzendaria
    • Euskadiko Orkestra
      • Egitaraua:
        • G. Mahler
          • 7. Sinfonia, "Gaueko kanta"

08- 2021eko maiatzak 3 eta 6:

  • Gazteak
    • Hans Graf; Zuzendaria
    • Birgit Kolar; Biolina
    • Euskadiko Orkestra
      • Rakhmaninovek eta Bartokek musika-lan asko idatzi zituzten gaztaroan. Gazte-lanen corpus honetako obrak inperfektuak badira ere, bultzada espresibo liluragarriz eginda daude, eta kontzertu honen protagonistak izango dira. Hasiera Rakhmaninovek 20 urterekin idatzitako The Rock fantasia sinfonikoak emango dio. Eta, horrekin batera, bere 1. sinfonia, zorigaitzez ezaguna; izan ere, hain kritika txarrak jaso zituen estreinaldian, non Rakhmaninovek, deprimituta, konposatzeari utzi baitzion hiru urtez. Egia esan, lan bikaina da, bere etorkizuneko ekoizpenaren hazia aurki baitaiteke bertan. Tartean, Birgit Kolar austriar bakarlariak Bartoken Biolinerako 1. kontzertua interpretatuko du. Lanak egile hungariarra folklorean murgildu aurretik zuen alderdi erromantikoa eta ezezaguna erakusten du. Hans Graf (Euskadiko Orkestrako titularra 1994tik 1996ra) berriro itzuliko da gure denboraldira, oso ohikoa ez den programa hau zuzentzeko.
        • Egitaraua:
          • S. Rakhmaninov
            • The Rock
          • B. Bartok
            • Biolinerako 1. Kontzertua
          • S. Rakhmaninov
            • 1. Sinfonia

09- 2021eko maiatzak 20 eta 21:

  • Noragabeko adiskidea
    • Anja Bihlmaier; Zuzendaria
    • Manuel Walser; Baritonoa
    • Euskadiko Orkestra
      • Anja Bihlmaier Alemaniako opera-antzoki eta kontzertu-aretoetako zuzendari aktiboenetako bat da, baita Eskandinavia eta Erresuma Batukoetakoa ere. Euskadin egingo duen estreinaldian, gure denboraldi osoa lotzen duen garaia laburtuko du: Erromantizismoa. Wagnerren Tristan eta Isoldaoperako ezinezko amodioaren sublimazioaren ondoren, Preludioa eta maitasunagatiko heriotza lanean laburbilduta, Manuel Walser baritonoak ahotsa emango die Mahlerren Lieder laneko lehen zikloko Noragabeko adiskide baten kantakderitzenei. Walserrek (Thomas Quasthoffen ikaslea eta, azken urteotan, Vienako Operako izarretako bat) bidaiariaren rola hartuko du, bidean utzi dituen amodioen inguruko hausnarketan. Ekitaldia Schumannen 1. sinfoniarekin amaituko da. Konpositorearen lehen orkestra-lan handia da; hilabete baino gutxiago behar izan zuen idazteko, inspirazio-aldi harrigarri bat izan zuen eta.
        • Egitaraua:
          • R. Wagner
            • Tristan eta Isolda, preludioa eta maitasunagatiko heriotza
          • G. Mahler
            • Noragabeko adiskide baten kantak
          • R. Schumann
            • 1. Sinfonia, "Udaberria"

10- 2021eko ekainak 11 eta 14:

  • New York
    • Robert Treviño; Zuzendaria
    • Nikolai Lugansky; Pianoa
    • Euskadiko Orkestra
      • Rakhmaninov historiako piano-jotzaile bikainenetako bat izan zen, eta, Paganiniren gai baten gaineko rapsodian (modu ez ofizialean, pianorako bere bosgarren kontzertutzat hartzen da), ohore egin nahi izan zion beste birtuoso handi bati, kasu honetan, biolinjole bati. Horretarako, Paganiniren Biolinerako 24. kapritxoagai ahaztezina hartu, eta 24 piano-bariazio egin zizkion, zein baino zein liluragarriagoa eta zailagoa. Partiturak aparteko dohainak dituen pianista bat eskatzen du, eta Treviñok Nikolai Luganski errusiar birtuosoa gonbidatu du erronkari aurre egiteko, sakonki ezagutzen baitu Rakhmaninoven musika. Su artifizialen ikuskizun handi horren ondoren, Mahlerren sinfonia perfektuenetako batekin amaituko du denboraldia Treviñok; hain zuzen ere, Bosgarrenarekin. Lan horretan, konpositoreak atzean uzten du bere lehen sinfonietako ipuin eta kantu folklorikoen eragina, eta erabat murgiltzen da orkestra-musikaren abstrakzioan.
        • Egitaraua:
          • S. Rakhmaninov
            • Paganiniren tema baten gaineko rapsodia
          • G. Mahler
            • 5. Sinfonia

Sarreren salmenta

  • Kursaal Auditoriumeko leihatila:
    • Astelehenetik asteazkenera: 11:30 - 13:30
    • Ostegun eta ostiraletan: 11:30 - 13:30 / 17:00 - 20:00
    • Larunbatetan: 17:00 - 20:00
  • Euskadiko Orkestraren eta Kursaal Eszenaren emankizun-egunetan:
    • 11:30 - 13:30 / 17:00 - 20:00
  • Internetez:

Oharra: Sarrera solteak kontzertu-egunak hurreratu ahala jarriko dira salgai.

Lotura interesgarriak:
Kursaal-en weba
Euskadiko Orkestraren weba

euskera-castellano

Envíanos tu evento