Euskal Astea
Zarauzko Euskal Astea, Euskal Herriko ohiturak eta kultura bultzatzen dituen jaia.
Euskal kutsua duen jaia, non ohizko ekintzez gain (Herri Kirolak, Dantzak, Bertsolariak, eta abar), gaztetxoen jokoak eta musika berbenak egoten diren. Festa hauetara ondoko herritarrak hurbiltzen dira.
EUSKAL ASTEA 2025
Joan den urteko edizioan mendeurrena ospatu ondoren, aurtengoan,
Zarauzko Udalak egitarau borobila eskaintzen die zarauztarrei,
urtez-urte gauzatzen diren ekitaldiekin, mendeurrenerako martxan jarri
eta aurten errepikatuko diren egitasmoekin eta egitarauan lehen aldiz
gehitzen diren ekimenekin.
Gaurtik aurrera martxan izango da egitaraua, gaur eta bihar lehiatuko
diren Bertsolari Gazteen XLIX. Lizardi Sariaren kanporaketa saioekin.
Behin hauek gauzatuta, finala datorren irailaren 5ean ospatuko da Modelo
Aretoan.
Joan den urtean arrakasta handia izan zuen ekimenen artean, aurten
ere fandango eta arin-arin ikastaroak bere lekua izango du Euskal
Jaietan, Frontoi Txikin egingo diren 5 saioekin. Bertan, Jon Alkain eta
Alaitz Garciak, Zarautz TRIKek lagunduta, euskal dantzen munduan lehen
pausuak ematen lagunduko digute.
Aurtengo berritasunen artean, Lege Zaharren enparantzan, Euskal
Asteko Trikitixa jaialdia ospatuko da. Irailaren 3an, asteazkenean,
19:00etatik aurrera, herriko adin guztietako trikitixa ikasle zein
punta-puntako trikitilariez gozatzeko aukera izango da.
Euskal Jai Eguna
Euskal Astearen barnean, egun handiena Euskal Jai eguna izango da.
Irailaren 9an, asteartean, goizetik gauraino, atsedenik izango ez duen
festa eguna izango dugu, antzerkiz, musikaz eta dantzaz beterik.
Xabier Txurruka (EAJ-PNV) alkateak aurkezpenean adierazi duen moduan,
"Joan den urteko mendeurrenaren ondoren, ohiko ospakizunetara itzuliko
gara aurten, baina aurreko 100 edizioetan bezain ondo pasatzeko
aukerarik ez da faltako Euskal Jaietan, betiere, giro jator eta alaian,
euskalzaletasunaren eta zarauztartasunaren sugarra bizirik mantenduz".
Hauek dira, Zarauzko Udalarekin batera, Euskal Jaietako egitaraua
osatzen parte hartu duten elkarteak: AEK, Alproja Taldea, Euskal Herrian
Euskaraz, Goiztarrak, Zarautz TRIK, Imanol Urbieta Musika Eskola, Jalgi
Dantza Taldea, Montetxio Abesbatza, Motxian-Etxebeltz Bertso Eskola,
‘Arrain Zopa’ Taldea, Nahiko Larri Trikitilariak, Goizeko Ihintza
Txistulari Taldea, Zarautz Abesbatza, Schola Cantorum, Txipirin
Abesbatza eta Udaberri Abesbatza.
Lotura interesgarriak:
Euskal Astearen Egitaraua 2025 - Zarautz
Zarauzko Udala