Getariko Cristobal Balenciaga Museoa
Getariko Cristóbal Balenciaga Museoa jostun bati eskainitako ezaugarri horietako lehen museoa da munduan.
Museoa Cristóbal Balenciaga Fundazioaren babespean jaio da, eta bere egiten du Fundazio horren xedea: jeinuzko diseinatzaileak nahiz beraren lanak arte-sorkuntzan oro har, eta moda-munduan eta goi mailako joskintzan bereziki, izan duen garrantzia eta gailentasuna sustatu, hedatu eta bultzatzea.
Hiru esparru handi, lau solairu, sei areto eta 90 pieza paregabez osatutako ageriko bilduma ditu: bilduma hautaketa zorrotz baten emaitza da. Horra hor, gaingiroki, Cristóbal Balenciagaren, moda unibertsaleko jenio handienetako baten, omenez pentsatu eta hari eskainitako lehen museoaren ezaugarriak. Fundazioaren babespean, Museoak 1.200 piezatik gora jaso ditu orain arte, lagapenen bidez, dohaintzen bidez, eta gordailatze instituzional edo pribatuen bidez. Pieza horiek guztiak txandaka erakusteaz gain, jostun-sortzailearen inguruan nazioarte mailako zentro bihurtzeko xedea dauka, dibulgaziorako, ikerketarako eta irakaskuntzarako bokazioarekin.
Arkitektura-proiektua: eraikinak
Museoa Getariako Aldamar Parkean dago, Sahatsaga kalearen eta Lormendiko jaitsieraren artean. Bi bolumen ditu: Aldamar Jauregi historikoa eta eraikin erantsia, eraiki berria. Aldamar Jauregia XIX. mendeko eraikin monumentala da. Hasiera batean, Casa Torresko Markesen udako egoitza izateko eraiki bazuten ere, gaur egun, Cristóbal Balencia Museoaren aldi baterako erakusketak eta Dokumentazio-zentroa daude bertan. Horretaz gain, baina, garrantzi berezia ere badauka, Cristó"97bal Balenciaga Eizagirrek, gazte-gaztea zelarik, joskintzaren eta modaren munduan hasteko lehen guneetako bat izan zuelako. Cristóbal Balenciaga Museoaren eraikin berria Aldamar Jauregiaren mendebaldeko fatxadari partzialki erantsita dago eta hiru eremu jasotzen ditu, horietako bakoitza xede batekin edo batzuekin, baina gainerakoei lotuta. Horietako lehena, bisitariarentzat esanguratsuena dena, "erdiko eremua" da. Eremu nagusia den heinean, sei erakusketa-aretoak daude bertan; elkarren artean lotuta badaude ere, gaika banatuta daude, gela bakoitzean dauden piezen arabera. Gainera, eremu honetan bertan daude bisitariarentzako harrera-gunea, denda, kafetegia eta erabilera anitzeko aretoa. Bigarrena eremu didaktikoari dagokio. Prestakuntza-tailerrak eta nazioartemailako prestakuntza-zentroa jasotzea da beraren eginkizun nagusia. Azkenik, administrazioeremua dago: zaharberritze-tailerra eta Museoaren barne-kudeaketa egiten dira bertan. Guztira, 9.323,03 metro koadroko azalera dauka Museoak, lau solairutan banatuta. Edozein museotan bezala, arkitekturak berezko garrantzia dauka. Cristóbal Balenciaga Museoaren kasuan, Cristóbal Balenciaga Fundazioak AV62 arkitekto-taldeari enkargatu zion lanak burutzea, 2008an.
Museoaren egitura eta bilduma
Cristóbal Balenciaga Fundazioak duen jeinuzko jostun-sortzailearen bilduma paregabea da munduan. Haren kopuruari 1.200 pieza guztira, eta egunez egun gehiago dira, eta forma eta garai aldetiko aniztasunari esker -adibidez, jenio gipuzkoarraren pieza goiztiarrenak nahiz berrienak jasotzen dira-, Museoak erakusketa osoa, koherentea eta nazioarte mailan gorenena biltzen du. Bildumaren beste aparteko balio bat piezen jatorria da. XX. mendeko pertsonalitate ospetsu askok eta askok hala nola Mona Von Bismarck, Bunny Mellon, Patricia López Wilsaw, Barbara Hutton, Rethy printzesa, Grace Kelly edo Madame Bricard Fundazioak bildutako modeloak jantzi zituzten. Beste izen ezagun batzuek ere egin dituzte dohaintzak; adibidez, Fundazioaren presidenteak
berak, Hubert de Givenchyk, edota Belgikako Fabiola erreginak.
"Funtsezko Balenciaga" gunea
Cristóbal Balenciaga Museoko erakusketa-esparruari bukaera emateko, areto bakar batean laburtu nahi izan da Cristóbal Balenciagaren jeinu sortzailea, bi ikuspuntutatik: lehenengoa, ikuspegi tekniko huts batetik; bigarrena, ordea, Balenciagaren bizitzan zehar, beraren piezen diseinua zehazten lagundu zuten eraginei dagokie. Gune horretan, modeloak beti banan-banan erakusten dira, jantzien infografia erakusten duten pantailen ondoan, patroiari eta muntaiari arreta berezia eskainita. Horren bidez, Museoko kudeatzaileen helburua izan da jostun-sortzailearen teknika fina nahiz beti erakutsi zituen berrikuntza tekniko apartak nabarmentzea, horiexek utzi baitzituen ondare gisa.
Bere bizitzako une garrantzitsuenetakoak:
- 1895: Cristóbal Balenciaga Eizagirre Getarian (Gipuzkoa) jaio zen urtarrilaren 21ean, arratsaldeko bostetan.
- 1907-1911: Donostiara joan zen eta jostun-lana ikasten hasi zen garaiko establezimendu onenetan, ahal nola, Casa Gómez eta New England izenekoetan.
- 1911: Jantzigintzari ekin zion Donostiako Au Louvre erostetxean, eta bi urteren buruan emakumeentzako jantzigintza-tailerreko buru izendatu zuten.
- 1914: Bordelera joan zen eta lagun batzuen moda-etxe ezagunean hasi zen lanean.
- 1917: C. Balenciaga izena zuen bere lehen jostundegia ireki zuen, Donostiako Bergara kaleko 2an.
- 1918: Benita eta Daniela Lizaso dendari donostiarrak bazkide hartuta, bultzada eman zion bere enpresari.
- 1919: Lizaso ahizpekin batera Balenciaga y Compañía sozietatea eratu zuen sei urterako (1918ko urtarriletik hasita). Enpresa berria ere Bergara kaleko 2an egon zen.
- 1924: Balenciaga y Compañía sozietatea desegin ondoren, bere kabuz ireki zuen Cristóbal Balenciaga izeneko jostundegia Askatasunaren Etorbideko 2an.
- 1925: María Cristina erregina eta Isabel Alfonsa infanta Cristóbal Balenciagaren bezero egin ziren. Haien atzetik errege-familiako eta Gorteko beste dama batzuk etorri ziren.
- 1927: Goi mailako jantzigintza tradizionala landuko zuen enpresa berria sortu zuen, Eisa Costura, Donostiako Okendo kaleko 10ean. Establezimendu berria eta goi mailako jantzigintzako Askatasunaren Etorbidekoa aldi berean egon ziren abian.
- 1931: Bigarren Errepublika aldarrikatzearekin batera, Cristóbal Balenciagaren bezero dotoreenetako asko erbesteratu egin ziren, eta goi mailako jantzigintzaren gainbehera etorri zen. Jostun eta sortzailea bere negozioa berriz pentsatu beharrean izan zen.
- 1932: B. E. Costura jostundegia ireki zuen Donostian , Santa Katalina kaleko 6an.
- 1933: Eisa Costura eta B. E. Costura itxi ostean, Balenciagak EISA B. E. Costura establezimendua sortu zuen Askatasunaren Etorbideko 2. atariko lehen solairuan, eta Cristóbal Balenciaga izenekoa bigarren solairuan kokatu zuen. Gero, sukurtsala ireki zuen Madrilen, Caballero de Gracia kaleko 42an.
- 1935: EISA B. E. Establezimenduaren hirugarren sukurtsala Bartzelonan ireki zuen, Santa Teresa kaleko 10ean.
- 1936: Gerra Zibila hastearekin batera Parisera joan zen. Donostiako, Madrilgo eta Bartzelonako etxeetan jarduera bertan behera utzi zuen aldi baterako.
- 1937: Uztailean BALENCIAGA sozietatea eratu zuen Nicolá s Bizcarrondo eta Wladzio d`Attainville bazkideekin batera. Abuztuaren 5ean goi mailako jantzigintzako lehen bilduma aurkeztu zuen Pariseko George V.aren etorbidean, eta arrakasta handia lortu zuen.
- 1938: Donostiako jostundegiari izena aldatu eta Eisa Costura jarri zion. Madrilgo eta Bartzelonako etxeek ere izen berria hartu zuten Gerra Zibila amaitzean, 1941ean eta 1942an hurrenez hurren.
- 1939: Balenciagak historiaren eragin nabaria erakusten zuen bilduma aurkeztu zuen, XVII. mendeko eta Frantziaren Bigarren Inperioko moda gogora ekartzen zuena. «Infanta» soinekoek arrakasta itzela izan zuten.
- 1940: Bere bildumetan egunerako soineko beltzak aurkeztu zituen, drapeatuen eta polisoi txikien bidez aldakak nabarmentzen zituztenak. Modu horretan, horrenbeste miresten zuen XIX. Mendeko modaren ezaugarri batzuk berreskuratu zituen.
- 1941: Madrilgo jostundegia Jose Antonio etorbidearen 9ra (egungo Gran Vía) eraman zuen.
- 1943-1944: Jostun eta sortzaileak mirespena piztu zuen, gaueko soineko ikusgarrietan modu bikainean erabiltzen baitzituen brodatuak eta pasamaneria.
- 1945: Bigarren Mundu Gerra amaitu ostean, Balenciagak «Theatre de la Mode» izeneko erakusketa ibiltarian hartu zuen parte. Horrela, Pariseko sortzaile onenek egindako goi mailako jantzigintza soinean zeramaten panpina edo manikiak Europan eta Amerikan erakutsi zituzten. Ahalegin kolektibo horren bidez, Frantziako hiriburua nazioarteko modagunea zela errebindikatu nahi izan zuten.
- 1946-1947: Balenciagak tonneau edo upel-linea aurkeztu zuen, eta erabateko arrakasta izan zuen bikain brodatutako boleroekin, espainiar eragina zutenak. Balenciaga etxearen lehen lurrina plazaratu zen: Le Dix.
- 1948-1949: Lehen Balenciaga boutique-a sortu zen, Christos Bellos dekoratzaile ospetsuak diseinatua. Etxeak bigarren lurrina aurkeztu zuen: La Fuite des Heures. Wladzio d`Attainville Madrilen hil zen 1948ko abenduaren 14an.
- 1950: Meloi itxurako mahuken eta globo erako gonen bidez, bolumena eta ehun sendoak izan ziren nagusi urte horretako bildumetan.
- 1951: Balenciagak arintasunaren aldeko hautua egin zuen, 1947tik nagusi ziren figura zurrunetatik aldenduz eta upel-linearen printzipio berberetatik abiatuta, erdi entailatutako trajea sortu zuen, bizkarraldean bolumena zuena eta aurrealdean estua zena.
- 1953: Soin-neurria aldakaraino jaitsi zuen, eta ondorioz, berriro ere emakumearen silueta aldatu zuen.
- 1955: Tunika aurkeztu zuen, bi piezako soinekoa, linea zuzenak eta garbiak zituena, gorputza estutu gabe estaltzen duena. Quadrille plazaratu zen, Etxearen hirugarren lurrina.
- 1956: Goi mailako jantzigintzako desfileak ofizialki hasi eta handik hilabetera aurkeztu zituen Balenciagak bere bildumak.
- 1957: Jostun eta sortzaileak zaku itxurako soinekoa sartu zuen bere bildumetan, eta horrenbestez, pauso bat aurrera eman zuen 1947an hasitako joskintzako bilakaeran. Bere sormen-lanek, linea puru eta arinekin, garaiko moda iraultzen jarraitu zuten.
- 1958: Baby doll soinekoa aurkeztu zuen: gerririk gabeko silueta trapezoidal sotila zuena. Gainera, indioilar-isats itxurako soinekoak erakutsi zituen, atzetik luzeagoak zirenak. Abrahamek gazar izeneko ehuna sortu zuen jostunarentzat, ezaugarri eskultorikoak zituena, gero eta kontzeptualagoak ziren haren sormen-lanentzat aproposa. Frantziako Gobernuak Chevalier de la Légion d"honneur titulua eman zion modaren industrian egin zuen lanagatik. Nazioarteko prentsak «Maisu» eta «goi mailako jantzigintzaren errege» esan zion.
- 1959: Trajeek linea berriak erakutsi zituzten, jaka motzekin eta gerri altuekin. Azpimarragarria izan zen gaueko soinekoetarako Inperio estiloa, gerri altuduna.
- 1960: Balenciagak Fabiola de Mora y Aragónen eztei-soinekoa diseinatu zuen. Ezkongaia Casa Torres markesaren biloba zen, eta gero Belgikako erregina izan zen.
- 1961: Urte horretako bildumetan aurkeztu zituen gaueko soineko ederretan agerikoa izan zen Zurbaran artistaren lanen eragina.
- 1963: Balenciagak sport estilo oso dotorea aurkeztu zuen, eta Mancinik egindako goi mailako jantzigintzako lehen botak erakutsi zituen, guztien harridurarako.
- 1964: Gauerako lamezko sariek sekulako arrakasta izan zuten. Elizabeth Taylorrek horietako soineko bikaina jantzi zuen 1965eko urtarrilean.
- 1967: Balenciagak gero eta puruagoak eta abstraktuagoak ziren formak sartu zituen. Kazetariek eta bezeroek sekulako harrera beroa egin zioten bildumari, maisutasun eta originaltasun handikoa izan baitzen.
- 1968: Air Franceko hegazkineko laguntzaileen uniformeak diseinatu zituen. Udaberrian azken bilduma aurkeztu zuen eta erretiroa hartzera zihoala iragarri zuen. Era berean, Paris, Madril, Bartzelona eta Donostiako etxeak itxiko zituela jakinarazi zuen. Balenciagak goi mailako jantzigintza utzi zuen, berrogeita hamar urtez lanbidean buru-belarri aritu ondoren.
- 1972: Francoren biloba eta gero Cadizeko dukesa izango zen María del Carmen Martínez-Bordiúren eztei-soinekoa diseinatu zuen. Jostun eta sortzailea Xábian (Alacant) hil zen martxoaren 24an, eta Getaria jaioterriko hilerri txikian lurperatu zuten.
ORDUTEGIA
- Azaroa-Urtarrila + Martxoa
Asteazkenik igandera: 10:30etatik 17:00etara - Apirila-Urria
Asteartetatik igandera: 10:30etatik 19:00etara. - Uztaila eta abuztua
Egunero: 10:30etatik 20:00etara.
Tarifak:
Arrunta: 12,00 €
Murriztua: 8,00 € (Erretirodunek, ikasleek, gazte-txakerdunak eta gazteek 18 urtetik behera)
Bisita gidatuak: 16,00 €
Bisita gidatuak eta programatuak:
943 008840
info@cristobalbalenciagamuseoa.com
Lotura interesgarriak:
Cristobal Balenciaga Museoa
Sarrerak on lne