"Gipuzkoa behin betiko" erakusketa
Gipuzkoa hitza, zehazki "Ipuscua", lehenengo aldiz dokumentu batean agertu zenetik mila urte betetzen diren honetan, lurraldea osatu eta bermatu zen XIX. mendea aztertzen duen erakusketa berria inauguratu du Zumalakarregi Museoak.
María Jose Telleria Ondare Kulturaleko zuzendariak azpimarratu du "erakusketa honek iraganera begiratzeko aukera ematen digu, gaur egun lurralde gisa nor garen hobeto ulertzeko. Gipuzkoa lehen aldiz aipatu zenetik mila urte bete diren honetan, bereziki baliotsua da XIX. mendean gelditzea, gure nortasun-ezaugarri asko finkatu baitziren orduan. Aldundiko Kultura departamentutik memoria historikoa aldarrikatu nahi dugu, Gipuzkoa anitza, kohesionatua eta bere aniztasunaz harro dagoena indartzeko tresna gisa. Gure historia ezagutzea etorkizun justuagoa, demokratikoagoa eta bere ondareaz kontzienteagoa eraikitzeko modu bat ere bada".
Aldaketa ugari gertatu zen eta horiek erakusteko XIX. mendeko bibliografian jarri dugu begirada bat, izan ere Gipuzkoako lurraldeari buruzko lan asko argitaratu baitzen. Larramendi edo Iztuetatik hasi eta Gorosabel edo Echegarayraino, lurraldearen historiak ere elezaharretatik dokumentuetan oinarritutako kontakizunerako bidea jorratu zuelako.
Beste begirada bat kartografiari eskaini diogu. Probintziaren mapa osatu ostean, alegia, Oñati lurraldeari 1845.ean bildu zitzaionetik, izugarri ugaldu zen. Jose Joaquin Olazabal Arbelaiz irundarraren mapa ederrak eta Francisco Boronat edo Martin Ferreiroren atlasak ikusteko aukera izango dugu.
Azken begirada ikonografiari dagokiona da. "Album de Guipuzcoa" izenburupean agertutako estanpa liburuak erabiliko ditugu lurraldea deskribatzeko. Grabatu originalez gain, XIX. mendeko irudiez osatutako mapa interaktibo bat ere osatu dugu, bisitarien gozamenerako.
Instituzioen aldetik, Foraltasuna indarrean egotetik sistema liberalaren nagusitasunerako bidea jorratuko du Gipuzkoak, honek dakarzkion aldaketekin. Honela, Aldundiak enkargatutako bi olio-margo eder daude ikusga. Eugenio Azkuek 1854.ean margotutako armarria eta Jose Etxenagusiak 1889.ean Aldundiko jauregian kokatu zuten beiratearen oinarria izan zen margolana, Gaztelako errege Alfonso VIII.a Gipuzkoako Foruei zin egiten agertzen duena.
Garaiko lurraldetasunari lotutako beste hainbat gertakizun ere aipatzen ditugu, besteak beste, lurraldeak hiriburu finkorik ez izatetik hiriburutza Donostian behin betiko ezartzeraino egindako ibilbidea aztertzen da erakusketan, Tolosarekin izandako tirabirak adieraziz.
Esan bezala, Gipuzkoa behin betiko finkatu zen garaia argitzera datorkigu aldi baterako erakusketa berri hau.
Lotura interesgarriak:
Zumalakarregi Museoa
Prezioak eta Ordutegiak