Ikuskizuna: "Txalaparta Hutsa"

Arrasateko Udazabal 18 programaren eta Txalapartaren Eguna barruan, Hutsun Txalaparta Taldeak "Txalaparta Hutsa" musika ikuskizuna eskainiko du.
Txalapartaren eboluzioa jarraituko duen ibilbide bat proposatzen dugu. Jatorritik hasi, eta gaur egungo era moderno eta garaikideetaraino iritsiko dena.
Oinarrizko erritmo tradizionaletara hurbilduko gaituen erakusketa didaktikoa da. Erritmo hauek non, noiz, nola eta zergatik sortu ziren azaltzeaz gain, jo egiten ditugu.
Tradiziozko txalapartaren berezko taupadei teknika eta kolpe berriak, egur mota ezberdinak eta material berriak gehituz goaz; harriak, agabeak, bidoiak, etab ... Horri esker, eta galdera-erantzunaren jokoaz eta inprobisazioaren jolasaz baliatuz, sonoritate propioa duten sorkuntza originalak lortu ditugu. Erritmo, tinbre eta melodia berrien unibertsoan murgilduko gaituztenak.
Tokia: Herriko plazan.
Lotura interesgarriak:
Hutsun Txalaparta Taldearen weba