>
Artea

Jose Miguel Barandiaran Museoa (Aralar Parke Naturala) - Gipuzkoako Parketxe Sarea

Jose Miguel Barandiaran Museoa (Aralar Parke Naturala) - Gipuzkoako Parketxe Sarea en Ataun
Ataun
Lekua. Jose Miguel Barandiaran Museoa
Data. 2024ko Urtarrilaren 1tik
2024ko Abenduaren 31ra

Ordua.  
OrganizaAtaungo Udala

Barandiaran Museoa Ataungo San Gregorio auzoko Larruntza errotan dago. Larruntza errotaren lehenengo aipamenak XV. mendekoak dira; historia luzea du, beraz. 2003an Eusko Jaurlaritzak monumentu-multzo izendatu zuen. Eraikinak antigoaleko itxurari eutsi dio, baina barrua teknologia berrienez hornitua dago.


Museoak bi solairu ditu. Goikoan Barandiaranen bizitza azaltzen da, ikus-entzunezko baten bidez lehenik eta, ondoren, biografia-gelan, pantaila eta bideo  didaktikoen bitartez. Beheko solairuan arkeologia eta etnografia alorrean berak egindako lanen garrantzia azpimarratzen da, errepliken, bideoen eta beste zenbait    baliabideren bitartez. Larruntza errotaren ondoan Errotatxo izeneko bigarren errota eta uraren indarrak mugitutako zerrategia daude, beren aldaparo eta guzti. Egitura horiek guztiek multzo hidrauliko ikusgarria osatzen dute.

Joxe Migel Barandiaran Aierbe 1889an Ataungo Peruenezar baserrian jaio zen eta 1991n hil jaioterrian bertan, gerraostean, erbestetik itzuli zenean, eraikitako Sara Etxean hain zuzen. XX. mendeko euskal ikertzaile garrantzitsuenetako bat izan zen. Etnologia, antropologia, arkeologia eta mitologiaren alorretan lan garrantzitsuak egin zituen. Barandiaran Museoan ekarpen horren garrantzia azpimarratzen da eta bisitariek haren bizitzari eta lanari buruzko ikuspegi zabala eta sakona izan dezaten ahalegina egiten.

Ataunen eta Aralarko Natura Parkean barrena egin daitezkeen ibilbideei buruzko azalpenen bila urte osoan zehar gerturatzen diren bisitariarentzako informazio puntu ere bada Barandiaran Museoa. Lan hau Lizarrustiko Parketxearekin batera burutzen da, ez alferrik, bi guneek Aralarko Parketxe Hedatua osatzen baitute.

Hezkuntza Programa

Barandiaran Museoko hezkuntza eskaintza adin askotako pertsonentzat atondua dago; guztientzat egokitutako bisitak daude, askotariko gaiak lantzen dituztenak  (mitologia, arkeologia, etnografia, euskal kultura ). Honatx hezkuntza eskaintza:

> Ingurumen-Hezkuntza - Eskaintza orokorra
> Ingurumen-Hezkuntza - Arkeologia
> Ingurumen-Hezkuntza - Nondik dator esnea?
> Ingurumen-Hezkuntza - Mitologia bizia (HH eta LH)
> Ingurumen-Hezkuntza - Talo tailerra
> Ingurumen-Hezkuntza - Euskal kultura Barandiaranen eskutik
> Ingurumen-Hezkuntza - Zatoz udaberriaz gozatzera

Jarduerak

Barandiaran Museora etortzea euskal kulturaren muina ezagutzea da. Etorkizuna ez ezik, iragana ere gurea delako. Horregatik, antolatzen diren jarduera gehienek euskal kulturarekin dute zerikusia. Hona hemen zenbait adibide esanguratsu:

BISITA GIDATUAK MUSEORA ETA ANTIGOALEKO ERROTARA
Barandiaranen bizitza eta lana ezagutzeaz gainera, errota eta zerrategia martxan ikusteko aukera dago.
> Bisita gidatuen eskaintza

MITOLOGIA BIZI
Mitologia-tailerrak, MITOALDIA, ibilaldi mitologikoak

TALO-TAILERRAK
Ikasiz ere goza daitekeelako, errotatxoa bisitatuz eta zerealak landuz, euskal kulturaz zerbait gehiago ikasteko aukera dago, norberak egindako talo goxoa janez, noski!

IBILALDI GIDATUAK ARALARREN
Natura parkeko sarea osatzen duten ibilbideen bitartez, hango ondare natural eta kulturala ezagutzeko aukera dago. Mota guztietako bisitariei egokitutako irteerak daude, norberak bere gogo eta beharren arabera aukera ditzakeenak.
> Ibilaldi gidatuak Aralarren

Kokapena
Barandiaran Museoa Ataungo San Gregorio aurkitzen da, Larruntza errotan hain zuzen. Ataun Gipuzkoako hego-sortaldeko ertzean dago, Goierriko eskualdean.   Probintziako udalerririk luzeena da, 14 km baititu alde batetik bestera. Museoa, udaletxea dagoen San Martin auzotik 3 bat kilometrotara kokatzen da.
 
Helbidea - Larruntza Errota z/g San Gregorio, 20211 Ataun (Gipuzkoa)
ETRS89 koordenatuak (X: 566693 Y: 4758717)
Harremanetarako - 943 18 03 35 / 688 895 069 / barandiaran@gipuzkoanatura.eus
> Egutegia

Barandiaran (Aralar)-tik ibilbideak
> SL-Gi 2006 Sara ibilbidea II: San Gregorio (Ataun) - Ergoiena (Ataun) (1.9  Km.)
> SL-Gi 2007 Sara ibilbidea: San Gregorio (Ataun) - San Gregorio (Ataun) (7.3  Km.)

Lotura interesgarriak:
Ataun Turismo
Parketxe Barandiaran

euskera-castellano

Envíanos tu evento