>
Musika

Kontzertua: Latzen

Kontzertua: Latzen en Hondarribia
Hondarribia
Lekua. Hondarribia
Data. 2026ko Irailaren 9a
Ordua. 22:30
Prezioa. Entrada libre
OrganizaHondarribiko Udala

Guadalupeko Ama Birjinaren jaien barruan, Letzen taldearen kontzertua.

LATZEN 1993ko udan sortu zen talde bezala. Beste askok bezala, eskolako ordu galdutan amestutako talde bat izan zela esan daiteke. Garai hartan Gorka Lazkano (bateria), Joxemari Azpitarte (baxua) eta Aitor Uriarte (ahotsa eta kitarra) klase berean zeuden eta Aitorrek beste jarduera batzuetatik Iker Martinez de Zuazo (kitarra) ezagutzen zuen. Laurak batera lokal baten bila hasten dira Oñatin, hamasei urte besterik ez dituzte. Laster lortzen dute "Hor Konpon" talde mitikoaren lokalean sartzea eta musikarako lehen materiala lortzeko era guztietako ahaleginak egin ostean hau izango da hortik aurrera Latzenen etxea, une ahaztezinak biziko dituen, musika talde eta pertsona ezberdinez osatutako, familiaren etxea. Urte hartako udan lehen bertsioak ateratzen saiatzen dira eta lokalean euri jasen ondorioak ere ondo pairatuko dituzte beti ere. Egunero entseatzearen ondorioz, laster ikasten dute abestiak hasi eta bukatzen eta urte bertako abenduan bi aldiz pentsatu gabe Oñatiko Ongi tabernan jotzen dute beraien lehen "kontzertua" (lau abesti), bertsioez osaturik. Herrian berehala etorriko dira Arrano, Zubillaga...
Lanean gogor jarraitzen dute, kantuak eginez eta kontzertuak ematen. 1995 ko aste santurako badute abesti sorta bat eta horietako sei grabatzeko asmoz Carlos Creator ekoizle ezagunarekin harremanetan jartzen dira. Berarekin, Bilboko Rockstudios-en grabatzen dute lehen maketa eta bakarra, "Heriotzari deika" izenekoa. Taldeak berak saltzen du maketa eta banaketan egindako lan politari esker ateratako 2000 aleak denbora gutxian saltzen dira. Laster datoz kontzertu gehiago, geroz eta potoloagoak eta Euskadi Gaztea-ko maketa lehiaketako entzuleen saria. Sari honekin Latzen uhinetan sartzen da eta horrela bere musika gehiago anplifikatzen da. Egintxotx lehiaketa izango da taldearen ibilbidean hurrengo aurrerapauso garrantzitsua eta bertan izandako arrakastaren ondoren, taldeak lehenengo diskoa grabatzeko proposamena jasotzen du Oihukaren eskutik. 1996ko udan Elkar estudioetan sartzen dira Jean Phocas teknikari eta Carlos Creator ekoizle direlarik, eta bertan jaioko da Latzenen lehen lan luzea, "Kontzientzia ala Infernua". Begiko kantu asko eta maketa bere horretan utzita disko honetan bildutako kantu guztiak berriak izango dira. Diskoak sekulako danbatekoa ematen du eta taldeak gogor jotzen du euskal musikaren eszenan. Lan honek metal musikako abesti gogorrak biltzen ditu, beti ere rock ukitu batekin, eta hamaika kantuen artean "Bat gehiago", "Hiesa ihes", "Ze ingo xu" edo gerora oso ezagun egingo den "Laztana" balada aurkitzen dira.
Latzen eta "Manri"-ren furgonetak kea aterako dute herririk herri kontzertuak ematen. Areto, Gaztetxe eta herriko festa ugariren artean "Plaza del Gas"-eko kontzertu jendetsua Bilboko aste nagusian, Kilometroak, Korrikak, Ibilaldiak kontzertu asko eta handiak. Garai horretan ematen dira tarteka Latzenen lehen bisitaldiak Bartzelonara edo Madrilera.
1997 amaieran, taldeak geldiune bat egiten du bere bigarren lan luzea izango zena prestatzeko. Disko berria Kaki Arkarazo ekoizle bezala dutela prestatzen dute. 1998 ko martxoan grabatzen da Kakiren gidaritzapean, Elkar estudioetan berriz ere Jean Phocas teknikari dutelarik. Hamabi kantu eta Kakiren remix bat biltzen ditu lan honek. Han ezagutzen du taldeak Haritz Harreguy, gerora taldearen zuzeneko teknikari izango dena. Taldeak bere soinua gogortzen du, abiadura motelduz eta kolpea eta indarra handituz. Bigarren disko honen izena "Ardi Larruz" izango da eta berriz ere oihartzun handia izango du. Bi diskoen salmentak marka guztiak apurtuko ditu. Aurkezpen kontzertua Oñatin Txiapasen aldeko mugimenduaren jaialdian izango da eta berriz ere hortik aurrera Latzen zuzeneko makina bat bihurtzen da han eta hemen jendearen belarriak gogor astinduz. Lehenengo aldiz Latzenek Madril, Zaragoza, Guadalajara eta estatuko beste puntu batzuetan jakin-mina sortzen du eta bidea egiten hasten da estatuan. Taldeak kontzertuak ematen jarraituko du 1999 ko abuztuan motorra gelditu eta desegitea erabakitzen duen arte. Guztira, 160 kontzertu eta era guztietako bizipenak uzten ditu atzean Latzenek. Inongo arrazoi zehatzik gabe, adostasunez, taldeak etorri bezala agur esateko garaia dela sentitzen du. Ibilbide motza bezain intentsua. Azken kontzertua Arantzan, 1999ko abuztuaren 13an izan zen. Bertan geratu ziren Latzenen azken zuzeneko notak, izerdi tantak
Zortzi urte pasatu dira eta beraien arteko erlazioa inoiz guztiz galdu ez den arren, bakoitzak bere bidea egin du eta bitarte horretan, besteak beste, hainbat proiektu musikal ezberdin izan dira: Aitorrek, Haritz Harreguy-rekin batera, "Sen" taldean jardun zuen 1999-2004 eta gaur egun "Une" taldeko ahotsa da. Iker eta Joxemari berriz, beste hainbat proiektutan ibili ondoren, "Potemkin" taldean dihardute, gitarrarekin eta baxuarekin hurrenez hurren. Iker "Amonal" taldean ere aritzen da tarteka.
Orain, duela hamabost urte sortu zuten Latzeneko partaide berberek, beraienganako eta inguruarekiko zirkulua merezi duen bezala guztiz ixteko asmoz, beraien gaur egungo talde eta bizietan etenaldi txiki bat egingo dute Latzen-en indarra berreskuratu eta zuzeneko kontzertu jakin batzuk emateko. Guztia DVD eta zuzeneko CD formatuan bilduko dute. Ondoren berriz ere beraien "Une" eta "Potemkin" proiektuetara bueltatuko dira hurrengo lanei jarraipena emateko.

Tokia: Bentan.

Lotura interesgarriak:
Guadalupeko Ama Jaien Egitaraua 2026 - Hondarribia

euskera-castellano

Envíanos tu evento