Kontzertua: Pantxoa eta Peio
Guadalupeko Ama jaiak direla eta, Pantxoa eta Peio bikotearen kontzertua.
Euskal Herriaren oroimen kolektiboari itsatsita daude PANTXOA Carrere eta PEIO Ospital lapurtarren kantuak. Etxamendi eta Larralde bezala, 70eko hamarkadako urte zail haietan euskal abertzaleen ahotsa eta bihotza izan ziren, hizkuntzari, aberri zapalduari, errepresaliatuei edota langileen etsipenari abesten baitzioten. Telesforo Monzonen eta Manex Pagolaren poemekin idatzitako hainbat kantu belaunaldiz belaunaldi zabaldu dira, euskal kantagintzaren klasikoak izateraino. Abesti apalak, ederrak eta hunkigarriak.
Kontzertu honetan 2006eko abuztuan Elkar Argitaletxearekin kaleratu duten "Lurra eta maitasuna" izeneko lan berri honek, doinu gozo eta mezu iraunkorretan zipriztintzen gaitu berriro eta gizatasunaz kargaturiko hamabi kantu zoragarri dakarzkigu, bikotearen errepertorio berria: kostaldeko giro keltiar berrizale harrigarriak, mendi zein basoko abestiak, arimarentzat ferekak, herriarentzat kemena, izarrak zeruan, bakea munduan,...Beren inspirazio iturrietan, tradizioa hala nola ohiko erreferentzia zenbaitez gain (Manex Pagola, Jean Louis Davant, Etxahun Iruri, Pier Paul Berzaitz,...), oraingo taldekide batzuren sena berria ere azaltzen da: Igor Telletxea, Mixel Ducau, Iñaki Dieguez, lanari ikuspegi berriak, sujerikorrak, aberatsak eta unibertsalak ekarriz. Lurra, maitasuna eta bakea landuz, azkenean, askatasun bideak zabaltzen dira, euskaldunontzat, gizaki ororentzat, aro berri baten iragarle.
Diskografia:
- 1969ko ekainean 4 abestiz osatutako lehenengo disko txikia grabatu zuten
- 1970ean Telesforo Monzonen "Lepoan hartu eta segi aurrera" abestia grabatu zuten. Abesti hau Diskola argitaletxeak kaleratu zuen Borda eta Sarasolak (gero GUK taldea osatuko zutenak) grabatutako Monzonen beste abesti batekin batera.
- 1971n 4 abestiz osatutako 2. disko txikia grabatu zuten. Bertan, "Aita kartzelan duzu" abestia sartu zuten
- 1975: "Pantxoa eta Peio" (disko bikoitza)
- 1977: "Euskalduna naiz eta maite dut herria"
- 1979: Elkar (K-40) Lan honetarako grabatu zen lehenengo aldiz "Bai euskarari" abestia.
- 1981: "Bakezko besarkada batean"
- 1990: "Eguzkiaren musu"
- 1991: "1969-1991" (Bilduma)
- 1997: "Oles ta oles" (Ikastolen elkarteak eta Labayru ikastegiak burututako 4 urtaroak izeneko proiektuaren barruan "Eguberri" jaiekin zerikusia duten abesti herrikoiak grabatu zituzten
- 2002: "Lapurtar Koblariak"
- 2006: "Lurra eta maitasuna"
Lekua: Bentan.
Lotura interesgarriak:
Guadalupeko Ama Jaien Egitaraua 2026 - Hondarribia