Loiola - San Inazioren Jaiotetxea
Jaiotetxea Museoa. Loiolako antzinako dorretxea, San Inazioren sehaska, Santutegiko kanpoko hormez inguratuta dago Basilikaren ondoan.
JAIOETXEA
Urtean zehar Loiolara hurbiltzen diren milaka bisitarientzat derrigorrezkoa da San Inazioren Etxea ikustea. Eraikin garrantzitsu hau erabat inguraturik dute Santutegiko kanpoko fatxadako hormek eta horregatik ez da kanpotik ikusten. Basilikaren alboko ate batetik sartuta, bisitariek patio txiki bat ikusiko dute, eta bertan Iñigo Loiolakoaren eskultura. Iñigo zaurituta dago ohatilan, eta ondoan San Inazioren Etxera sartzeko atea dago.
Santua hor jaio zelako garrantzitsua izateaz gain, Loiolako dorretxeak historia luze eta garrantzitsua du, Loiolatarren aspaldi--aspaldiko oinetxe gisa. Ia osorik gorde da eta fatxadan mudejar estiloaren eragina nabaritzen zaio, XV. mendean izandako azken berrikuntzaren ondorioz.
BASILIKA
Santutegiaren erdian, Basilika ederra kokatzen da, 1681ean eraikia, Espainiako erregina ama zen Austriako Mariana andreak San Inazioren jaiotetxearen ondoan Ikastetxe eta Basilika bat sortzeko borondatea erakutsi ostean. Horretarako, Oropesako markesei, garai hartan dorretxearen jabe zirenei, jabetza emateko iradoki zien, ondoren Jesusen Lagundiari emanez.
Loiolatarren ondasunak eskuratu ostean, arkitekto bat bilatzen hasi ziren, obra berriaren neurrikoa. Lan handia diseinatzeko Carlo Fontana (1638-1714) erromatarra aukeratu zuten, Berniniren ikasle leiala.
1682an Jesuita talde bat bertara etorri zen bizitzera eta 1688an Martin Zaldua hargin maisuak zuzendutako zabalgune eta zimendatze lanak hasi ziren. Italiar eragina, batez ere, Izarraitzeko harrobietako harriarekin egindako kupula ikusgarrian nabarmentzen da, 1735ean amaitua Ignacio Iberoren zuzendaritzapean.
Elizpea, Churriguera anaien estiloan inspiratua dago, Salamancako Plaza Nagusiko beste obra batzuk bezala. Bere forma obalatuarekin, bi fatxaden zuzentasuna hausten du. Felipe V.aren armarriak koroatzen du, Carrarako marmolean zizelkatua. Bere amaieran, 1738an, Basilika sagaratua geratu zen.
Elizaren azken elementu nagusia erretaula nagusi bikaina da, Inazio Iberoren obrarik esanguratsuena. 1750eko hamarkadan eraiki zen, zutabe salomonikoak eta marmolezko eta agatozko apaingarriak nabarmentzen direlarik. Santuaren estatua erretaularen gainean jarri zuten 1758an. Zilarrez egina eta arranoz apaindua, Caracasko Real Compañía Guipuzcoanaren dohaintza izan zen, 4.000 pesotan tasatua izan zelarik. Erretaula amaitu ondoren, Iberok erretaula txikiak eta pulpitu urreztatuak diseinatu zituen.
Lotura interesgarriak:
Tierra Ignaciana
Loiola Santutegia - Eskuorria deskargatu