>
Musika

Tolofolk Musika Jaialdia

Tolofolk Musika Jaialdia en Tolosa
Tolosa
Lekua. Tolosa
Data. 2025ko Apirilaren 23tik
2025ko Apirilaren 27ra

Ordua.
Prezioa. 0,00 ? €
OrganizaTolosako Udala

Tolofolk musika-jaialdiaren bosgarren edizioa izango da pazko astean, hilaren 23tik 27ra. JeaJeaka Kultur Elkarteak antolatuta, folk musikaren alorreko puntako musikari eta taldeez gozatzeko aukera eskainiko du, kultura herrikoiari oihartzuna eta indarra emateko asmoz. Aurtengorako ere eskaintza askotarikoa osatu dute antolatzaileek, aukera izango baita diziplina, estilo, instrumentu eta jatorri ezberdinetako musika entzuteko. Orotara, zortzi hitzordu izango dira: ikus-entzunezko baten proiekzioa eta zazpi kontzertu.


Apirilaren 23an Euskal herri-musika dokumentalaren emanaldiak abiatuko du jaialdia.  Fernando Larrukertek 1978an zuzendutako lana da. Filma duela urte batzuk digitalizatu bazen ere, urte luzez itzalean egon da, baina aurten pantaila   handian proiektatzeko aukera lortu du JeaJeaka Kultur Elkarteak. Beraz, ezkutuko  altxor bat ikusteko aukera paregabea izango da Tolosako Udalarekin elkarlanean antolatutako Topic-eko emanaldia. Euskal Herriko musikagintzako artista garrantzitsu    asko agertzen dira dokumentalean: Juan Mari Beltran, Maurizia Aldeiturriaga, Jean Mixel Bedaxagar, Lazkao Txiki eta Lopategi, Artze anaiak, Txomin Artola eta beste asko.

Larunbat goizeko kaleko emanaldiez gain, taula gaineko sei kontzertu ere jasotzen ditu egitarauak, eta tartean dira hauek: Deira, The Battle of the folk Bands lehiaketa irabazi duen talde ez-eskoziar bakarrarena; nazioartean nabarmentzen ari den Caamaño&Ameixeiras bikote galiziarrarena; folk elektronikoa jorratzen duen Lapurdiko Zeze artistarena; aho-soinua jotzen duten Landa aita-seme anoetarrena; eta artzain-tradizioaren soinuetara bidaiatzeko aukera ematen duen Juanma Sanchez eta Luis Payno bikote madrildarrarena.

Emanaldi berezi batek emango dio amaiera aurtengo jaialdiari: Erramun Martikorenak, Elene Arandiak, Mixel Ducauk, Garazi Esnaolak eta Oreka TX taldeak okasiorako prestatutako kontzertu bat eskainiko dute igandean. Berezia eta bakarra.

Urtero moduan, Andia arropa-markak jaialdirako propio sortutako kamiseta ere aurkeztu dute gaur, herrian sortutako markarekin duten elkarlanaren erakusgarri. Zerkausia eta aho-soinua dira aurtengo irudiaren protagonistak.

Egitaraua osorik

Apirilak 23, asteazkena - 19:00 - Topic
Dokumentala: Euskal herri-musika (1978).
Fernando Larrukertek zuzendutako 64 minutuko film enblematikoak nekazarien, artzainen eta arrantzaleen bizimodua eta doinuak erakusten ditu: herri baten bizitza osatzen duten abestiak. Baserrian eguneroko lanak nola egiten diren ere erakusten du zintak, eta Euskal Herriko musika-tresnei eta bertsolaritzari ere arreta berezia eskaintzen die

Apirilak 24, osteguna.
19:00 - Berdura plaza.
Kontzertua: Caamaño&Ameixeiras (Galizia).
Eszenaratze zaindu eta ausartarekin, Sabela Caamaño eta Antía Ameixeiras nazioartean nabarmentzen ari dira, plataforma digitaletan ehunka mila entzunaldirekin, eta milaka disko salduta.

Apirilak 25, ostirala.

19:00 - Berdura plaza
Kontzertua: Juanma Sanchez eta Luis Payno (Madril).
Artzain-tradizioaren soinuetara bidaiatzeko eta instrumentuen eraikuntza tradizionaleko teknikak ikusteko aukera biltzen dituen emankizuna bi interprete, ikertzaile eta instrumentu-egileren eskutik.

23:00 - Fronton.
Kontzertua: Zeze (Euskal Herria).
Folk elektronikoa Lapurditik.

Apirilak 26, larunbata.

12:00 - Kalepoza
Kontzertua: Oiartzungo Herri Musika Eskolako biolin-joleak, Lasko Txaranga,  txistulariak

18:30 - Plaza Berria.
Kontzertua: Landatarrak aho-soinuarekin (Euskal Herria).
Landa aita-seme anoetarrek aho-soinua ekarriko digute Plaza Berrira.

20:00 - Plaza Berria.
Kontzertua: Deira (Asturias, Andaluzia).
Nazioarteko hainbat lehiaketatan saritutako folk-taldea; The Battle of the folk Bands lehiaketan 2022ko lehen saridunak, sari hori lortu duen lehen talde ez-eskoziarra izanik. Europako folk jaialdi garrantzitsuenetan parte hartu dute, eta prentsa espezializatuaren arabera, egun, proiekzio gehien duen taldeetako bat da.

Apirilak 27, igandea

19:00 - Berdura plaza.
Kontzertua: Erramun Martikorena, Elene Arandia, Mixel Ducau, Garazi Esnaola eta Oreka TX (Euskal Herria).
Tolofolkerako propio prestatutako kontzertua, berezia eta bakarra.

Lotura interesgarriak:
PDF icon Tolofolk 2025 egitaraua.pdf

euskera-castellano

Envíanos tu evento