>
Hitzaldiak

"Transhumanismoa. Giza makinak" Zikloa

Donostia-San Sebastián
Lekua. San Telmo Museoa
Data. 2020ko Martxoaren 5tik
2020ko Azaroaren 10ra

Ordua. 19:00
Prezioa. Entrada libre
OrganizaSan Telmo Udal Museoa.

Donostiako San Telmo Museoan azarora bitarte hilean hitzaldi batek transhumanismoaren aspektu teknologiko, etiko eta filosofikoak aztertuko ditu. Jakiunderekin elkarlanean antolatu du museoak ziklo hau, Javier Echeverriak koordinatuta.

San Telmo Museoak, Erronkak lan ildoaren barruan, gizartean kezka eta eztabaida iturri diren gaiak aztertzea du helburu. Horien artean kokatzen da transhumanismoa; mugimendu horren azken helburua da giza izaera eraldatzea, eskura dauden eta giza gaitasunak (fisikoak, psikologikoak edo intelektualak) hobetzen dituzten teknologiak garatuz eta fabrikatuz. Iaz, Heriotza. Ante la muerte erakusketaren harira antolatutako programazioan gai honen inguruko jarduerak antolatu zituen museoak eta aurten, ziklo oso batekin eman dio segida. Oraingoan, Jakiunderen lankidetzarekin.

Gaur egungo iraultza teknozientifikoa pertsonak berak eraldatzen ari da, ez bakarrik haien ingurune eta bizi munduak. Transhumanistak ziur daude gizakiak, teknologia pixkanaka ezarrita, beste urrats bat egin behar duela eboluzioan, eta naturak ezarritako baldintza biologikoak gainditu behar dituela, hobekuntza fisiko eta kognitibo erradikala lortzeko. Are gehiago, esplizituki hitz egiten da hilezkortasuna lortzeko aukeraz edo norbanakoaren bizitza mugarik gabe luzatzeko aukeraz, berrikuntza bioteknologikoko prozesuei esker. Horrek guztiak itxaropen berriak sortzen dizkigu, baina baita eztabaida sozial, etiko eta filosofikoak ere, gizatasunaren kontzeptuari berari ere eragingo lioketen inplikazioei buruz.

Erronkak programazio ildoa

Programazio-ildo honen helburua da gaur egungo gaiei buruzko elkarrizketa, gogoeta eta eztabaida sustatzen duten proiektuak eta ekimenak bultzatzea. Ardatz nagusiak Europa, Generoa, Iraunkortasuna eta Giza Eskubideak dira, baina arloa irekita dago gure inguruko erakundeetan eta elkarteetan sortutako ekimenei laguntzeko, eta interesgarriak diren beste gai batzuk jorratzeko, helburuetan bat gatozelako. Horrela ezagutza eta baliabideak partekatzen ditugu. Donostia Kulturako - Literaktum, Liburutegi Zerbitzua, Zinema eta Giza Eskubideen Zinemaldia - eta kanpoko erakunde eta programekin lan egin ohi dugu: Globernance, Jakiunde, Cristina Enea, Zinemaldia, UPV/EHU, Udaleko Lankidetza Saila, GKEak, Ankulegi eta Baketik, besteak beste.

EGITARAUA:

Saioak 19:00etan izango dira, gaztelaniaz, eta sarrera librearekin lekuak bete arte.

Martxoak 5, osteguna:

  • Los Desafíos Eticos Del Transhumanismo
    • Adela Cortina
    • Valentziako Unibertsitatea
      • Transhumanismoa giza espezieak giza espezie berri bat sor dezakeela sinestea da, baliabide teknozientifikoekin edo biohobekuntza oinarri biologiko, mediko, farmakologiko eta genetikoarekin. Erronka etikoak honako kontzeptu hauen inguruan planteatzen dira: pertsona humanoa/transhumanoa, duintasuna, zientzia eta sinesmena, giza espeziea gainditzeko betebehar morala. Erronka horiei heltzen saiatuko da hitzaldia, besteak beste.

Apirilak 2, osteguna: !!!!BERTAN BEHERA¡¡¡¡

  • Compost, No Posthumanos. Donna Haraway Y El Transhumanismo
    • Helen Torres
    • Pompeu Fabra Unibertsitatea
      • "Ez gizakiak, ez posthumanoak, ez transhumanoak: konposta gara", esaten digu Donna Haraway biologoak eta zientziaren filosofoak. Laurogeiko hamarkadaren erdialdean "cyborg manifestua" idatzi zuenak esanez nahiago zuela "jainko bat izatea cyborg bat baino", berriz ere pentsarazten digu nor garen eta nolakoak izan beharko genukeen espezie anitzeko biziraupenerako. Beti polemikoa, Harawayk "humusitateez" (humusaz) hitz egiten digu humanitateen ordez. Bere proposamena aztertuko du hizlariak eta Fabrizio Terranova Story Telling for Earthly Survival dokumentalaren pasarte bat emango du.

Maiatzak 14, osteguna: !!!!BERTAN BEHERA¡¡¡¡

  • Regreso Al Futuro Perfecto. Una Crítica Filosófica Al Transhumanismo
    • Alfredo Marcos
    • Valladolideko Unibertsitatea
      • Transhumanismoaren gako nabarmenenak bilatuko ditugu, baita egin zaizkion kritika nagusiak ere. Transhumanismoaren giltzarrietako bat da, bere patina tekno-futuristaren azpitik, ideia filosofiko hain zaharretara igortzen duela, itxuraz elkarren artean bateraezinak direnak, hala nola naturalismo erradikala eta nihilismo existentzialista. Biak ala biak, egia esan, dualismoaren bolada ezberdinen emaitzak dira, naturaren eta askatasunaren arteko zatiketarenak. Transhumanismoak animalia zatitu eta gaixotzat hartzen du gizakia, salbatu beharrekoa. Hizlariak gonbidapena egingo du gizakiaren irudi egokiago bat ikertzera, aldi berean askatasun eta natura dena (baina "eta" gabe). Gizakiaren irudi honek gaitzen gaitu, antropotekniak, transhumanismoari dagozkion ikuspegi futuristak baino hobeto epaitzeko.

Ekainak 4, osteguna: !!!!BERTAN BEHERA¡¡¡¡

  • Transhumanismo Crítico
    • Fernando Broncano
    • Carlos III Unibertsitatea
      • Transhumanismo mediatikoak (bertsio epiko zein moderatuetan, hau da, giza hobekuntzaren transhumanismoak) promesa teknologiko bat planteatzen du, gizakiaren nozio abstraktu eta idealista bat suposatzen duena. Espeziearen zaharkitzearen ideia, funtsean, esentzialista da. Kategorien urraketaren teorikoek planteatzen duten transhumanismo kritikoak (Haraway, Braidotti,...) gizakien nozio plural, kontingente, hibrido eta askatzailea kontrajartzen du esentzialismo transhumanisten eta are humanismo klasikoaren aurrean. Konferentzian alternatiba hori eta bilakaeraren metafisika aztertuko dira.

Urriak 1, osteguna: (Oharra: jarduera hau atzeratu egin da coronavirusa dela eta. Data berria aurrerago jakinaraziko dugu.)

  • Reflexiones Sobre Vida Y Mortalidad. El Sentido De La Muerte Y Las Posiciones Transhumanistas
    • Arantza Etxeberria
    • Euskal Herriko Unibertsitatea
      • Ez da ziurra heriotzaren zentzua modu neutroan definitu ahal izango denik, balioak edo beldurrak kontuan hartu gabe; izan ere, biologiak ere ez du ulertzen zer den heriotza; saihestezina ote den, edo bizitzako prozesu orokorretan funtzioren bat betetzen ote duen. Gaur egungo biologian horri buruzko ideia nahiko berritzaileak planteatzen diren arren, organismoak zergatik eta/edo zertarako hiltzen diren, biologian konpondu gabeko arazoa da oraindik ere, Medawarrek ondo esan zuen bezala. Horrelako galderak: zergatik hiltzen dira organismoak? Ezin al dute eboluzionatu betierean bizi diren izakiek? Baliabide-arazo bat da, arrazoi termodinamikoengatik luzatu eta azkenean galtzen den bataila moduko bat? Heriotza-prozesuak dira planetako bizitzaren bilakaeraren alderdi ukaezin bat, nahiz eta modu desberdinetan jardun? Zalantzarik gabe arreta filosofiko arduratsua merezi dute. Hain premiazkoa den azterketa filosofiko honetan, hilezkortasunari buruzko proposamen transhumanistak kontrastatzea komeni da, batzuetan modu akritikoan desiragarria eta erakargarria dela onartzen baitute, zientzian sortzen diren erantzun eta kontzeptualizazioekin, ustekabeko gogoetak eta ondorioak sor ditzaketelako.

Azaroak 10, asteartea:

  • Ni Posthumanos Ni Transhumanos: Tecnopersonas
    • Javier Echeverría (Jakiunde),
    • Lola S. Almendros (CSIC, CCHS )
      • Ugaritu egiten dira posthumanoei eta transhumanoei buruzko proposamenak. Ia guztiak antropozentrikoak dira, gizakien hibridazioa eta hobekuntza lehenesten baitituzte. Gaur egun, ordea, transhumanoak gure espeziea ustez hobetuko lukeen profezia bat baino ez dira, eta laborategi eta enpresa teknozientifikoetan, berriz, tekno-animaliak eta tekno-begetalak ugari dira; horien ustezko hobekuntzak, batez ere, ekonomikoki emankorragoak eta errentagarriagoak bihurtzea dira, patentatzen dituztenentzat.
      • Robotak ere ugaltzen ari dira eta ugaritzen jarraituko dute (4-0 industria), cyborg izan gabe teknopertsonak sortzen baitituzte, ez baitira organismo biologikoak, teknogorputzak baizik, nolanahi ere. Donna Harawayren proposamena ekarpen handia izan zen XX. mende amaieran. Gaur egun, proposamen hori teknopertsonaren nozioak zabaldu eta hobetu dezake, organismo indibidualentzat balio baitu, baina baita organismo kolektiboentzat ere (enpresak, elkarteak, erakundeak). Izan ere, horiek gero eta automatizatuago funtzionatzen dute, hau da, datuetan oinarritutako teknopertsona gisa (Big Data, hala badagokio). Sare sozialek adibide asko ematen dituzte.
      • Laburbilduz: tekno- aurrizkia post-, trans- eta ziber- aurrizkiak baino hobea da, egungo mundua interpretatzeko eta kritikoki aztertzeko orduan. Teknobotereek eta teknopolitikak teknopertsona bihurtzen gaituzte, gure datuekin lan egiten duten algoritmo, software eta teknozeinu sistema desberdinei esker. Bestalde, teknologia informatibo eta digitalek errotik eraldatu dituzte hizkuntzak, irudiak eta soinuak. Egungo teknologia, teknoirudia eta teknosoinua une honetan dauden hiru teknopertsona mota handien euskarri dira: organismoetatik datozenak, adimen artifizialak sortutakoak eta literatura, zinema eta bideojokoak bezalako arte sortzaileen emaitza direnak. Aurre egin beharreko erronka teknopertsonen eskubideak sustatzea da.

Lotura interesgarriak:
San Telmo Museoaren weba
Jakiunderen weba
Donostia Kultura

euskera-castellano

Envíanos tu evento