Zeraingo Museo Etnografikoa

Etnologo baten laguntzaz herriko gazte talde batek eginiko auzolanaren ondorioa da 1993. urtean ireki zen herri museoa. Zeraingo baserrietan zeuden hainbat lanabesen inbentarioa egin eta 21 eguneko erakusketa antolatu zuten; izan zuen arrakasta ikusita, erakusketa iraunkor bihurtu eta museoa antolatzea erabaki zuten. Horretarako, erakusketan erabili ziren 1000 piezetatik egokienak hautatu eta, gaur egun, museoan 200 baino gehiago daude ikusgai.
Museo txiki honek Goierriko herri honen bizimodu eta ohituren bilakaera azaltzea du helburu. Atal desberdinetan, herriaren prozesu historikoa adierazten duten tresna, altzari, lanabes, dokumentu, etab. biltzen dira, garai bateko nekazaritza eta artzaintzatik hasi eta, meagintza garaitik igarota, gaur egunera arte. Orain gutxi, gainera, museoko eduki guztiak era digitalean azaltzen dituen ikus-entzunezko multimedia berritzailea jarri dute bisitarien ikusgai.
Zeraingo Herri Museoa herritarroi esker osatu ahal izan da, erakusgai denak borondate osoz eskainiak izan direlako sortu baita.
Lotura interesgarriak:
Etnografiko Museoa